Berriak

2022 urteko Idiazabal Gazta iritsi da Ordiziara

Ardiek Ordiziako Herri Zaharra hartu dute berriro larreetarantz bidean. Negua amaituta, 2.000 animalia inguru kalean barrena joan dira mendirantz, ia galdu den usadioa jarraituz, izan ere, kamioiz eraman ohi baitituzte Aralar edo Aizkorriren magaletara. Tradizio hura gorde eta gogoratzen du Ordiziako Artzain Egunak eta artzainei zor zaien gazta goratu. Ez edozein, gainera; euskal gastronomiaren zutarrietako bat, baizik: Idiazabal Gazta.

Pandemiak behartutako bi urteko etenaren ondoren, apirilaren 20an, jada ohitura bilakatu den Gazta Berriaren aurkezpena egin zuten. 1995. urtean ekin zioten ongietorriari. Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak eta Idiazabal Gaztaren Jatorria Deiturak produktua sustatu, hobetu eta indartzeko gaztaren festa bat egitea erabaki zuten. Abenduan hasi ohi dute bere ekoizpena eta hiru bat hilabete behar ditu infekzioak saihesteko, hortaz, apirila hilabete aproposa da bere jaiotza ospatzeko. Lehen gazta hori mozteko ohorea pertsona ospetsu bati ematen diote, oraingoan, Tolosako Ama Tabernako Javi Rivero eta Gorka Rico sukaldariek izan zuten gazta berria mozteko ardura, 2020an Bilboko Porrue jatetxeko Unai Campok egin bezala.

Idiazabalgo Gaztaren Kofradiako kideek Rico eta Rivera aukeratu dituzte euren jatetxeko plateretan tokian tokiko ekoizle eta produktuen alde egitea eskertzeko. “Aurten erabaki da Basque Culinary Centerretik ateratako lehen promozioko sukaldariei eskaintzea gazta denboraldia zabaltzeko aukera. Sukaldari gazteak, bisio handikoak eta izugarrizko maila dutenak. Horien ordezkari izango ditugu AMA tabernako kideak, orain gutxi Repsol Eguzkia saria ere jaso dutenak”, zehaztu zuen Maitane Alvarez, Ordiziako alkateordeak udaletxeko batzar aretoan aurrera emandako ekitaldi nagusian. Aintzatespenarekin pozik, pieza ebaki ondoren Ricok eta Riverok adierazi zutenez, “gazta berri honek sukalde eta ekoizle belaunaldi berri eta gazteen indar bera dauka. Zoragarria da”.

Labana eskuan hartzen lehena Juan Mari Arzak izan zen, eta haren ondotik, beste izardun sukaldari ugari etorri dira: Pedro Subijana, Hilario Arbelaitz, Jose Juan Castillo, Karlos Argiñano, Martin Berasategi, Andoni Luis Aduriz, Elena Arzak aita baino hamarkada bat geroago, edota Eneko Atxa. Ohore hori izan dute ere, besteak beste, oraintsu hil den Luis Irizar maisuak Euskal Sukaldaritza Berriaren ordezkari gisa, etorkizuneko sukaldariak hezten dituen Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizegak eta sukaldeetatik urruti dagoen Joxe Mari Goenaga zuzendari eta gidoilari ordiziarrak.

Horren aurretik, gutizia biribil honen sustatzaile bat omendu zuten: Lezama Nazioarteko Ostalaritza Taldearen lehendakari eta sortzaile Luis de Lezama, bere ibilbideagatik eta Idiazabal gazta Euskadin eta handik kanpora ezagutarazteko egiten duen lanagatik aukeratu dute. Haren aurretik Idiazabal Gaztaren hedapenean lagundu duten beste asko omendu dituzte. Lehena, Jose Manuel Goikoetxea Altsasuko alkatea omendu zuten produktuaren hobekuntzarako pertsona gakoa, Nafarroa eta EAE artean Idiazabal Gazta jatorri izendapena bateratzea posible egin baitzuen. Hurrengo urteetan, Enric Canut Idiazabal Gazta ezagutzeko eskuliburuaren egilea, José Antonio Otxandorena Artzai-Gazta elkartearen sortzaile, Jose Antonio Merino Belaustegi Jatorri Izendapenaren kudeatzaile eta batzorde erregulatzailearen sortzailea, Jakitea elkartea, edota Peio Garcia Amiano kritikoa eta lehiaketako epailea.

Halaber, gaztaren erregulartasun-kalitate sariak banatu zizkieten Segurako Eneko Goiburu Artzainari eta Iurretako S.C. Gorka Jaio Tamayo- Maite Torres Martínez Gaztandegiari.

Udaletxetik kanpo, Garagartza plazan, gazta, Goierriko produktuak, Gipuzkoako artisauen saltokiekin batera, Euskal Herriko erakusleiho garrantzitsuena den latxa arrazako aharien lehiaketa eta salmenta ere izan ziren. Latxa mutur-gorriak eta mutur-beltzak, guztira, 200 bat. Mamia dastatu edo ardien ile mozketa ikusteko aukera ere izan zen.

Publikazio berriak

Laborategia
Sukaldea mahaia kolektiboa
Sukaldea
Sukaldea