Ziurgabetasun eta murrizketa urteen ondoren, txotxaren ohitura indartsu itzuli da euskal sagardotegietara. Haietara bueltatzeaz gain, ordea, aurten Atlantikoa zeharkatu du eta Oregonera iritsi da Son of Man upategiaren eskutik. Columbia ibaiertzean dagoen sagardotegiak festa bat ospatu zuen martxoko lehen asteburuan denboraldia hasi, eta bere sagardo berria ezagutarazteko. Ehun bat lagun bertaratu ziren eta euskal ordezkariak ere izan ziren bertan.
Son of Manek urteak daramatza Oregongo sagarrekin euskal sagardoa egin nahian. Euskal kulturari omenaldi bat da, enpresako kudeatzaile eta euskal kultura eta sagardoaren maitale den Jasper Smithen ekimenez sortua. Gaur egun, 80.000 litro inguru ekoizten ditu eta “Basque style cider”gisa merkaturatzen du, alegia, euskal estiloko sagardoa.
Bere lana Euskal Herrian ere aitortua izan da, 2021eko Sagardo Forum nazioarteko lehiaketan zilarrezko domina jaso baitzuen. Oso lorpen garrantzitsua da Son of Manentzat, euskal sagardo onenekin lehiatu baitzen eta oso puntuazio ona lortu. “Guretzat arrakasta handia da, esan nahi baitu gauzak ondo egiten ari garela eta gure sagardoa euskal ahosabaien mailan dagoela. Horrek ez du preziorik niretzat, eta bultzatzen nau norabide berean lanean jarraitzera”.
Euskal inspirazioko sagardoa egiteaz gain, aurten Son of Manek hainbat ekitaldi antolatu ditu upategian, txotx estiloan. Martxoaren 5ean irekiera ekitaldia egin zuten eta ehun pertsona baino gehiagok parte hartu zuten. Kupeletik zuzenean hartutako sagardoaz gozatu ahal izan zuten, txuleta falta izan ez zen menu batekin batera.
Ekitaldira euskal jatorriko estatubatuar talde bat etorri zen, batez ere Boisetik, AEBtako euskal diasporako hiriburutik. Horrez gain, sagardotegian euskal ordezkaritza bat ere izan zen Euskal Herriko sagardoaren sektorearekin zerikusia duten profesionalek osatua.
Donostiatik Haritz Rodríguez iritsi zen. Urteak daramatza euskal sagardoaren kultura munduan ezagutarazten, Ciderzale izenarekin. Halaber, Zapiain sagardotegiko marketin aholkularia ere bada eta Mantala proiektuan komunikazio arduradun gisa aritzen da. Guillermo Castaños enologoak osatu zuen ordezkaritza. Son of Mani sagardoa egiten lagundu dio eta Oiharte bezalako bertako sagardotegiekin ere lan egiten du.
Irekieraren une batean, Rodríguezek hitz batzuk esan zizkien bertaratutakoei: “Oso pozik gaude Oregonen egoteaz, sagardo uzta berria Euskal Herrian egiten dugun bezala ospatzeko. Ohore bat da Son of Manek gure sagardoa hain modu zintzoan omentzea, gure ohituren eta gure produktuaren ezagutza eta maitasun sakonetik. Orain kupeletatik dastatuz gozatzea besterik ez dago. Txotx!”.
2018tik sagardoa egiteaz gain, Son of Manek Euskal Herritik inportatzen du eta bere Club Sagardo bidez banatu, nagusiki. Harpidedunek urtean zenbaitetan jasotzen dute euskal sagardoen aukeraketa bat, upategikoarekin batera. Hortaz, marka estatubatuarra oso lan garrantzitsua egiten ari da produktua Atlantikoaren beste aldean ezagutarazteko.