Gastromuseums: Dastatu eta ikasi
Gastromuseums du izena Euskadiko enogastronomia museoen sareak, eta zazpi gune biltzen ditu bere baitan. Guztiek dute ardatz euskal kulturan hain errotuta dagoen elikadura. Baina ez dira ohiko museo tradizionalak, hots, objektuak erakustokietan giltzapean gordetzen dituzten horietakoak. Gastromuseums osatzen duten guneetan esperientziak dira protagonista. Ikutuz, eraginez eta dastatuz ikas daiteke bertan geure herriko kultura eta ondare gastronomikoari buruz.
Zazpi museo eta gune bizi dira, bertako instalazio eta erakusketak bisitatzeaz gain, Euskadiko esperientzia gastronomiko paregabeak lehenengo pertsonan bizitzeko aukera eskaintzen dutenak.
Baina bertaratzen bazara ez pentsa ikusle soil bat bezala tratatuko zaituztenik. Ikuskizunaren parte izatera animatuko zaituzte. Museo hauetan ez baitago momifikatutako arbaso edo antzekorik. Hemen, ikusi eta ikasteaz gain, sentitu, ukitu eta dastatzea ahalbidetzen da.
Gastromuseums-en helburua sarea osatzen duten gune guztien arteko kate-begi lana egitea da, eskaintzen dituzten ekintzak bat-eginda sustatzeko. Horregatik diseinatu dira bisitak ez ezik esperientzia gastronomikoak eskaintzen dituzten ibilbide bateratuak.
Txakolina, Idiazabal Gazta, Arabar Errioxako ardoa, Sagardoaren Lurraldeko sagardotegiak, Tolosako txokolatea, baserriak, merkatuak eta garaian garaiko nahiz tokian tokiko produktuen garrantzia… Gastromuseums-ek geure herriko kultura enologiko eta gastronomikoaren alderdi esanguratsuenak biltzen ditu.
Esperientzien artean, probaketa eta dastaketak, upategietara bisitak, bazkari zein afariak, baita gazta eta sagardoa bezalako produktuen ekoizpen tailerrak dira azpimarratzekoak.
Gastronomia eta kultura gustuko badituzu, kosta egingo zaizu gune guztien artean bakarra aukeratzen. Akaso, otordu bat bailitzan, gazitik gozora antolatu dezakezu bidaia bat, eta bide batez ardo edo sagardoarekin parekatu. Hemen dauzkazu zazpi aukerak:
Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroa
Jatorrizko Izendapenaren eta geure mugetatik haragoko merkatuak konkistatu dituen zaporearen nondik norakoak ezagutu ahal izango dituzu. Museoko bisitak Idiazabal Gazta dastatzeko aukera eskeintzen du.
Sagardotxea, euskal sagardoaren museoa
Produktu hau inguratzen duen kulturan murgildu eta dastaketaren sekretuak ezagutzeko leku paregabea da. Gune honek sagardoaren ekoizpen prozesua, baita milaka urte dituen edari honen eta txotx errituaren historia ere ezagutzeko aukera eskaintzen du.
Gatz Museoa
Gatzaren ustiapenaren bilakaera biltzen du, Burdin Arotik hasi eta 1972 arte, itsasoko gatzaren lehiakortasun handiaren ondorioz gatzaga itxi zen arte hain zuzen ere. Herri gutxik dute Leintz Gatzagak jarduera ekonomiko zehatz baten inguruan duen identifikazioa. Kasu honetan gatzaren industria izan da, eta jarduera horrek hiribilduaren sorrera bultzatu zuen. Museoak zutik eta bizirik mantendu du azken urteotan gatzaen ekoizpena, eta gaur egun berriz ere hasi dira merkaturatzen toki honetan ekoizten den produktua.
Igartubeiti Baserri Museoa:
XVI. mende erdialdean eraiki zuten, eta euskal baserriaren Urrezko Aroaren adibide paregabea da. XVII. mende hasieran iritsi zen bere unerik onenera, bizimodu eta lan berriei egokitzeko zabaldu eta aldatu egin zutenetik aurrera. Jatorrizko egurrezko egitura bikain mantendu izanak eta barruan duen sagardo dolare handiak Euskal Herriko baserri interesgarrietarikoa bihurtzen dute Igartubeiti. Interpretazio Zentroan mila urtetik gorako euskal baserriaren historia birsortzen da. Igartubeitiko familia eta bizilagunen ahotsen bidez, antzinako baserrien hazkunde eta bilakaera, biztanleen bizimodu eta lanak, euren arteko harremanak, sinesmen, ekoizpen, elikadura, dibertsio eta sufrimenduak ezagutzeko aukera dugu.
Txakolingunea, Txakolinaren Museoa
Bakioko sarreran dago kokatua. Hain zuzen, Euskadiko gastronomiaren ikur bat den ardo leun, gazte eta fruta gustuko honen ekoizpenean erreferente da herri hau. Txakolingunean bisitariak ardo honen sekretu guztiak ezagutuko ditu, ikusentzunezko edukien bitartez, eta gainera dastaketaren xehetasun batzuk ere ikasi ahal izango ditu.
Villa-Lucia Gune Gastgronomikoa
Felix Maria de Samaniego idazle eta alegia-egilearen aisialdirako etxean dago kokatua. Bertako eta kanpoko espezieez beteriko lorategi botaniko batek inguratuta, museoak ardoaren eta honen erritualen historia azaltzen du modu erakargarri eta parte-hartzailean. Bisita burutzen dutenek mahastien landaketaren, hala nola ardoaren ekoizpen prozesuaren eta komertzializazioaren inguruko ezagutza orokorra jasoko dute. Gainera, ekoizpenarekin lotutako gremio ezberdinen lana ere ezagutuko dute, jolastu ahal izango dira eta lurrinak, koloreak eta zaporeak ezagutzen ikasiko dute dastatze birtualaren bidez.
D'Elikatuz Zentroa
Ordiziako herrian D’Elikatuz izeneko elikaduraren eta dastamenari eta osasunari eskainitako txokoa aurkituko duzue. Dastamenaren gastronomiaren zentroa 2005eko martxoaren 17an ireki zen. Bertan, arloan, gure lurrak ematen dituen elikagaien zaporeak eta testurak ematen dira ezagutzera. Osasunaren arloan, berriz, elikagaiez, dieta orekatuez, elikadura-arazoez… hitz egiten da. Haurrek nahiz helduek bisitatu dezakete. Guztiek ere, oso modu grafikoan eta interaktiboan aurkituko dituzte euskal kulturan hain errotuta dagoen gai honen inguruko xehetasunak.
Txokolatearen Museoa
Rafa Gorrotxategi Txokolate Museum-en kakaoaren eta txokolatearen historia ezagutzeko aukera izango duzu eta gure lurraren garapen eta hazkunderako hain garrantzitsua izan zen produktu honen jatorriari buruzko informazioa eskuratuko duzu. Gainera, kandelagintzaren lanbideak zuen garrantziaz ohartzeaz gain, kandelagileak gozogile eta txokolategile bihurtzeko prozesuaren historia kontatuko dizute. Tailerrak ere antolatzen dira.