Berriak

El Vaskito, kresal usaina dario

El Vaskito du izena Donostiako Errotaburu auzoan Basque Culinary Center-eko ikasle Iñaki Azkuek gobernatzen duen ontziak. Kresal usaina darie alde guztietatik bertan zerbitzatzen diren platerei. Oriokoa baita jaiotzez eta bihotzez sukaldari gaztea. Itsasoko fruituak dira nagusi baratz honetan, eta ez nolanahikoak. Produktuari garrantzia handia ematen batio “El Vaskito”k, nola bestela…

Nondik ote datorkio izena jatetxe honi? Irakurleren batek baino gehiagok egingo dio seguruenik galdera bere buruari. Bada, Iñakik berak kontatzen duen bezala, bere osaba Jose Luis-engandik datorkio. Izan ere, Baqueiran bizi zenean halaxe deitzen zioten, eta bertan “La Borda del Vaskito” izeneko jatetxea ireki zuen, Euskadiko gastronomia elur eta mendi inguru horretara eramateko asmoz.

Neurri handi batean, bere osabaren filosofia mantentzen du Iñakik. Izenean eta izanean. Baqueirako jatetxeak inguru horretan inork egiten ez zuena eraman baitzuen Piriniotara: Produktuan oinarritutako eskaintza. Eta Donostian ere halaxe egin du Iñakik, itsasoko fruituei arreta berezia eskainiz. Etxean arrantzale eta kontserbagile tradizioa izanda ezin zitekeen beste modu batean izan.

Iñakiren formakuntza ez da nolanahikoa. Basque Culinary Centerren 3. promozioan graduatu zen, eta ondoren Elkano eta Xixario jatetxe sonatuetan jarraitu zuen lanean eta ikasten, besteak beste. Zein motako sukaldaritza gustoko duen jakiteko bada nahikoa pista.

“El Vaskito”n  lehengaia da protagonista. Eta lehengaia bikaina denean, hura ez izorratzea da sukaldariaren ardura. Iñakik ahalik eta esku-hartze txikienarekin prestatzen ditu platerak, amonak egingo lukeen erara, lehengaia errespetatuz eta antzerkirako beta gutxirekin.

Produkturik onena lortzeko ezinbestekoa da harekin kontaktu zuzena izatea. Horregatik, egunero merkatura joatea gustatzen zaio Iñakiri, baita arrantzaleen lonjara ere. Garaian garaiko lehengaiarekin lan egitea gustatzen zaio, eta sasoiko produktuen zain egoten da irrikaz.

“El Vaskito”n txuleta bikainak topatuko dituzu, baina lehengai bat lantzea gustuko badu, itsasotik datorrena da hori. Parrilan egindako bisigu edo erreboiloa, kokotxak onddoekin, txipiroiak bere tintan edo kontserban gordetako bokartarik finenak. Horiek maite ditu gazte oriotarrak gehien.

Publikazio berriak

Laborategia
Sukaldea mahaia kolektiboa
Sukaldea
Sukaldea