Berriak

Elkano 1522, lehen mundu bira omentzen duen garagardoa

Basqueland Brewing garagardotegi independenteak (Hernani, Euskadi) Elkano 1522 atera du, orain dela 500 urte munduaren lehen zirkumnabegazioa osatu zuen Juan Sebastian Elkano euskal marinelaren omenez. Omenaldi gastronomiko horretan, bidelagun du Getariako Elkano jatetxea, parrillan egindako arrainaren tenplua, zeinak, urteurrena ospatzeko, euskal marinelen itsasoz haraindiko bidaietan inspiratutako pintxo bat sortu duen, edizio mugatuko garagardo horrekin batera hartzeko. 

Elkano 1522 garagardoaren eta pintxoaren arteko uztartze gastronomiko hori Elkano Txikin eskainiko da hurrengo asteetan, hau da, Elkano jatetxearen “ahizpa txikian”. Elkano Txiki, formatu ez-formaleko goi-mailako sukaldaritzan espezializatutakoa, Elkanoren fundatzaile Pedro Arreguik lehenbiziko erreboiloa erre zuen lokalean dago. Aitor Arreguik ireki zuen berriz orain dela zazpi urte, 2015eko uztailaren 7an. 

Basquelanden sortzaile Kevin Patricio eta Ben Rozziren esanetan, “pozarren gaude Elkanoko lantaldearekiko lankidetza dela eta. Elkano 1522 premium garagardo bat da, jatetxearen eskaintza gastronomikoaren eta lan-molde onaren mailakoa. Pilsner garagardoa da, hau da, Alemaniako estilo tradizional batekoa. Hala, Basquelandek erakutsi nahi du ausartzen dela europar estiloak ere lantzera, gure ezaugarri behinenetakoa diren Estatu Batuetako bi kostaldeetako IPA motakoez gain”. 

Oscar Sanzek, Basquelandeko maisu garagardogileak, hau gaineratu du: “Maitekiro egindako garagardoa da. Heltze-denbora luzea du, eta, denbora horretan, Hallertau Mittelfrüh alemaniar lupulu klasikoa erabili dugu. Emaitza garagardo garbi, kurruskari, mingots eta atsegina da, lore-usainduna eta limoi-ukituarekin eta belar-kutsuarekin. Horren guztiaren batura dotorea da, ongi bateratua, eta egokia da Elkanok bere parrillan zoragarri prestatutako arrain koipetsuek eskatzen duten trago luzerako”. 

Pintxo batean sartzen den joan-etorriko bidaia gastronomikoa

Baita Elkanok –2018tik edarien kartan Basquelanderen garagardoak eskaintzen dituen Michelín izardun jatetxeak–, euskal marinelek ozeanoan zehar egindako bidaietan inspiratuta, urtemugarako sortutako “Tornaviaje” pintxo bereziarekin ere. Honela azaldu dute Aitor Arregik, Elkanoko arduradun eta chefak, eta Pablo Vicari sukaldeko buruak: “Pintxoak joan-etorriko bidaia gastronomiko bat dakar gogora. Oinarria marinelen bizkotxo bat da, gariz (joaneko bidaiako zereala) eta artoz (itzulerakoa) egina, eta intxaur muskatuz, kanelaz, piperminez eta iltzez perfumatua. Bizkotxo horren gainean sardina gazituak jartzen dira; hain zuzen, itsas zeharkaldi haiek egiten zituztenek kontsumitzeko kargatzen zuten elikagai hori ontzietan. Pintxoa biribiltzeko, jerez-ardoaren usainak eta itzul-bidaia haietako produktuak gehitzen dizkiogu: patata, piperra, tomatea eta kakaoa, gaur egungo euskal gastronomian funtsezkoak diren produktuak”. 

Bestalde, Elkanokoek diote pozik daudela “lehen euskal parrilla-egileari” egindako omenaldi bereziarekin bat egiteagatik. Izan ere, Juan Sebastian Elkanok, jatetxeari izena emateaz gainera, parrilla du harekiko lotura: bertako sukaldearen ezaugarria, eta marinelaren testamentuan protagonista, kobrezko eltzeekin, eztainuzko lapiko eta platerekin eta beste tresna batzuekin batera. 

Basquelandek Elkano 1522 garagardoaren kantitate jakina ekoitzi du, eta agortu arte eskuratu ahal izango da. Probatu nahi dutenek aukera dute, dagoeneko, tabernetan, jatetxeetan eta denda espezializatuetan hartzeko; baita garagardotegiak Hernanin duen TapRoomean, Donostia-San Sebastiángo Basqueland Izakaia taberna asiarrean eta online dendan ere. Eta, nola ez, Getariako Elkano Txikin dastatu ahal izango dute, urteurrenerako sortutako pintxo zeharo berezi horrekin batera. 

Ohi denez, Basquelandek arreta handiz landu du Elkano 1522ren lataren diseinua ere. Donostian bizi den Marcos Navarro bartzelonar artistak sortutako ilustrazioan Victoria ontzia ageri da –Ondarroan egindako itsasontzia, Juan Sebastian Elkanok munduari bira egiteko erabili zuena–, itsasoa zeharkatzen eta haize-oihaletan Elkano jatetxearen logoa duela, hiru kontzepturen arteko batasun-ikur: aurkikuntza, gastronomia eta garagardoa.  

Hasieratik, Basquelandek helburu izan du euskal gastronomiaren, jatetxeen eta sukaldarien mailan dauden garagardoak egitea. “Jatetxe-jabeak konbentzitzea ez zen lan samurra izan, baina batzuek hasieratik eman ziguten laguntza, gure garagardoa beren kartetan aurkeztuz eta bertoko eta kalitateko ekoizpenaren alde eginez. Horietako bat Elkano jatetxea izan zen, Aitor Arregi bertako alma materra buru”, azaldu du Kevin Patriciok. Bi firmen arteko harremana sendoa da, eta hala baieztatzen du oraingo elkarlan honek.  

Publikazio berriak

Laborategia
Sukaldea mahaia kolektiboa
Sukaldea
Sukaldea