Mantala Basque Gastronomy-ren eta beste erakunde batzuen hezkuntza proiektua, sukaldaritzaren “etxeko transmisioa” berreskuratzea helburu duena, euskarazko liburuen bilduma batekin eta txikienentzako tailerrekin
ETXETIK liburu-bildumaren helburua haurrak eta familiak elikagaien jatorriarekin eta euskal gastronomiari eusten dioten lanbideekin berriro ere konektatzea da. Pantailek eta egunerokoaren erritmoak espazio partekatuak murrizten dituzten honetan, proiektu honek jakingura, umorea eta elkarrizketak berreskuratzea bilatzen du, sukaldaritza baratzean, itsasoan, erlauntzetan eta ikuiluetan hasten dela, eta familian kozinatzea harremanak sendotzeko eta balioak transmititzeko ekintza izan daitekeela erakusten duten istorioen bidez.
Istorio hauetako bakoitzak abentura batean murgiltzen du irakurlea, gure lurraldea ezagutzera emanez: Tomatetxok baratzea zeharkatuko du barazkien aniztasuna eta urtaroen erritmoa ezagutuz; Antxoak arrantzale zapi batekin egingo du topo eta portura itzultzea izango da eguneko misioa, bidean espezie ezberdinekin topo eginda; Erletxo lehen aldiz irtengo da hegan erlauntzatik, eta loreak fruitu nola bilakatzen diren ulertuko du, etxean anai-arrebek eztia egiten duten bitartean; azkenik, Txita, baserrian jaio berritan animalia ezberdinak ezagutzen joango da denak arrautzetik jaiotzen ez direla deskubrituz, esnea eta gazta ezagutuz… eta simaurrarekin, lurra elikatuko duen ziklo naturala itxiko da. Azken errezeta-liburuak mundu horiek guztiak lotuko ditu, istorioetan ikasitakoa haur eta helduek modu erraz eta ludikoan praktikan jartzeko. ELKAR liburu denden sarean dago salgai.
Gurearekin konektatuz
“Etxetik” proiektua gastronomiaren ikuspegi sozial baten barruan kokatzen da, eta etxeko sukaldaritzaren kultura zaintzea du helburu: Mantalan uste dugu gure lurralde aniztasuna, bertako arrazak, baratzea edo baserria irudikatzen duten euskarazko liburu gutxi daudela. Antzemandako hutsune hori betetzea da asmoa, txikienek tokiko ingurunea eta bertako produktuak ezagutu ditzaten.
Sukaldaritza edota gastronomia egunerokotasunetik at kokatzen ari gara. Geure etxeetatik kanporatzen ari gara, gastronomia aisialdi jarduera hutsa bilakatuz. Ohitura aldaketa horrek eten bat ekarri du berekin: transmisio falta.
Hain zuzen euskal gastronomia bizirik mantentzearen arrazoi nagusietako bat transmisio gastronomikoa belaunaldiz belaunaldi bermatzea da. Horregatik, hamarkadetan etxeetako sukaldeetan egosi den jakintzaren transmisioan indar egitea dute helburu bildumak: “Etxeko transmisioa izan da ardatz, gure aurreko belaunaldiek maila gastronomiko oso altua izan dute jakintza aldetik. Transmisio hori hasi zen gure baserri giroko emakumeak Donostia aldera joan zirenean uda garaian errege eta erreginen sukaldari lanetan aritzera. Bertan hasi ziren emakume horiek jakintza horretatik edaten, hain zuzen ere jakintza demokratikoa ez zen garai haietan. Ostera transmisio hori oso ondo landu da gure herrian. Baserriak erru handia izan du prozesu horretan, eta transmisio hori, arrazoi desberdinak medio, belaunaldiz belaunaldiz bermatzen joan da” Imanol Zubelzu (Mantala Basque Gastronomy-ko arduraduna).
Hutsuneak eta Erronkak
Bilduma pentsatu, diseinatu eta argitaratzea urtetako lana izan da, eta bitarte horretan hainbat gogoeta egin dira. Transmisio gastronomikoak hainbat gabezia dituela deritzogu: lehena, euskararen gabezia. Ume txikientzako familia giroan sukaldatzeko euskaraz ongi bildutako libururik ez zegoela ikusi genuen. Horrekin loturan, bigarren gabezia: liburu gehienak itzuliak dira eta, beraz, ez dira Euskal Herriko errealitatearen lekuko.
“Etxetik” bilduman Euskal Herriko paisaia, animalia eta ondare kultural eta naturala bildu dugu. Ipuinen estetikan euskal herriko soroak eta baserriak daude. Gure nortasuna komunikatzen saiatu gara. “Orain liburu hauek landuko dituzten umeak, hemendik hogei urtera, gure herriko kontsumitzaile eta sukaldari nagusiak izango dira. Beraien esku egongo da sektorea” dio Zubelzuk.
Bilduma argitaratzetik haratago
Bilduma argitaratzea ez da helmuga bat, baizik eta ibilbide partekatu baten hasiera. Proiektuak haurrekin tailerrak egitea aurreikusten du, baita Ikastolen Elkartearekin batera lan egitea ere, eduki horiek hezkuntzaren esparruan txertatzeko eta eskolatik gastronomiaren transmisioa indartzeko.
Gainera, proiektuaren esparruan, Imanol Zubelzuk eta Sasha Correak Gastronomia 360 podcastean parte hartu dute. Bertan, sukaldaritzaren transmisioaren egungo erronkei eta kulturak eta hezkuntzak gastronomia kontziente eta jasangarria eraikitzeko duten zereginari buruz hausnartzen dute.
Gastronomia 360 plataforman entzungai egongo da atala: https://gastronomia360.bculinary.com



