Berriak

Euskadiko gastronomia ibilbideak, ahaleginak saria duenean

Bide guztiek Erromara omen daramate. Euskal Herrikoek ere, noski, baina askok beste helmuga gustagarriagoak ere badituzte. Iparraldetik hegoaldera eta mendebaldetik ekialdera, gastronomiari lotutako ibilbideek zeharkatzen dute gure geografia. Ariketa fisikoa egin behar da guztietan, baina edonoren eskura dago haiek osatzea. Eta merezi dute bai bideak bai bukaeran topatuko dutenak. Oraintsu ezagutarazitako bat Ardoaren eta arrainaren ibilbidea izan da, baina jana edo edana lotzen dituzten beste batzuk ere badira.

ARDOA ETA ARRAINAREN IBILBIDEA

Arabar Errioxa eta Kantauri itsasoko kostaldea lotzen dituzten 166 kilometro dira, zazpi etapatan banatuta. Oiongo mahastietan hasi eta Bermeo, Ondarroa eta Lekeitioko portuetaraino iristen da. Aitzinako merkatarien ibilbidea da, bertan salgaiak trukatzen zituzten: Arabako Errioxatik garia, gatza, ozpina eta bereziki ardoa ekartzen zituzten mandazainek eta salmentan irabazitako diruarekin portuetan mandoak gazitutako arrainez kargatuta itzultzen ziren. Euskadi hegoaldetik iparraldera zeharkatzen du, bere aniztasun eta aberastasun turistikoaren erakusgarri da ibilbidea.

SAGAR CYCLING

Sagardoaren bidetik Donostiako badiari begira dauden paisaia naturalez gozatzeko aukera du bisitariak, Done Jakue Bidearen leku esanguratsuenetako batean. Bizikleta elektrikoaren bultzadak lagunduta, inguruko baserrietako historia eta sagardoaren kulturari buruzko sekretu asko ezagutuko ditu gidariak kontatutako azalpenei eta bitxikeriei esker. 6,5 kilometroko bidea amaituta, Sagardoetxean, Euskal Sagardoaren Museoan, txotxaren erritoa ezagutuko du eta pintxo batzuekin lagundutako sagardoa dastatuz amaituko du hiru orduko ibilaldia.

TXAKOLINAREN IBILBIDEA ARABAN ETA GIPUZKOAN

Ardo zuri horren arrastoa jarraituta, bi euskal lurraldeetan barrena joan daiteke bisitaria. Kostaldea aukeratzen duenak, Zumaia, Getaria eta Zarautz, barrualdeko zenbait auzo eta herrirekin lotzen dituen ibilbide zirkularra osatuko du. Hiru herrietako edozein abiapuntu hartu, eta norabidea aukeratuta, eskualdeko txakolingintza tradizioaren lekuko diren belardi, baso eta mahasti txikien artean joango da. Barrualdera sartu ahala, gorako norabidea hartuko du bideak, beste batzuetan, berriz, Urola ibaiaren ertzera hurbilduko da.

Arabaren alde egiten duenak, aldiz, Araialdea eskualdera jo behar du, Txakolinaren Ibilbidea tradizio gastronomikoagatik ezaguna eta artisau produktuetan aberatsa den eremu horretan baitago. Upategiak, gastronomia aberatsa, txakolin gozoa eta eskualdeko produktuak biltzen ditu. IX. mendeaz geroztik ekoizten da txakolina bertan, Euskal Herriko Hondarribi zuri mahats barietatearekin, eta bitxikeria gisa, ibilbide berean bi jatorri-deitura elkartzen dira: Arabako Txakolina eta Bizkaiko Txakolina. Upategietako mahastietan ibili, txakolina nola egiten den ikasi eta hura dastatzeko aukera du bisitariak.

ARABAR ERRIOXAKO ARDOAREN IBILBIDEA

Arabar Errioxa nahitaezko bidaia bilakatu da ardoaren, gastronomiaren eta paisaia paregabeen inguruan esperientzia zoragarriak bizi nahi dituztenentzat. Mundu mailako erreferentziazko helmuga enoturistikoa da, eta hura ezagutzeko hamaika modu eta upategi daude. Horietako bat mediko ibilbideak dira. Basoak, urmaelak, trikuharriak, leizeak, baselizak, Erdi Aroko herriak… Ardoaren Ibilbideak guztira 18 bidexka eta ibilbide proposatzen ditu mahastiak eta olibondoak tartekatzen dituen paisaia aldakorraz gozatzeko. Gehienak errazak dira, ia edonork oinez egiteko modukoak, eta luzera askotakoak: 3 kilometrotik 30era.

IDIAZABAL GAZTAREN IBILBIDEA

Ordiziako azoka, Zeraingo meategiak, Txindoki mendia, Igartza jauregia… Idiazabal Gaztaren Ibilbidea sei etapako mendi ibilbide zirkularra da, Goierri, Urola Garaia eta Deba Garaia bailarak gurutzatzen duten 95,7 kilometroko luzera eta 9,777 metroko desnibel metatua ditu. Etapa bakoitza egun batean egiteko pentsatua dago, baina norberak diseina dezake bere esperientzia, zati bat edo osorik egin. Abiatzean bisitariak kit bat jasoko du, alojamenduetan zigilatu beharreko pasaportea, ibilbideko kamiseta, eta informazio guztia biltzen duen mapa batek osatua. Amaitzean, berriz, Idiazabal Gazta erdi goxo bat eta sagardo botila bat jasoko dute egindako esfortzua saritzeko.

Publikazio berriak

Laborategia
Sukaldea mahaia kolektiboa
Sukaldea
Sukaldea