Berriak

Euskadiko lau jatetxe, munduko 100 onenen artean

Gastronomiako izarrez argitutako lurra izanik, euskal ordezkariek ezin zuten hutsik egin The World’s 50 Best Restaurants zerrendan. Munduko jatetxe onenen sailkapena berritu egin dute, gaur egun 100 aipamen ematen ditu, eta lau daude aintzatespena jaso dutenen artean: Asador Etxebarri, Elkano, Mugaritz. eta Azurmendi.

Uztailaren 18an ezagutarazi zuten Londresen 2022ko The World’s 50 Best Restaurants zerrenda osatzen duten jatetxeak zeintzuk diren. Hogei urte igaro dira Restaurant Magazine aldizkariak lehenengoz argitaratu zuenetik Michelin Gidaren alternatiba gisa sortutako rankinga. Egun, William Reed Business Media talde editorialaren esku dago, eta Top 50az gain, bestelako zerrenda eta aitortzak ere lantzen dituzte.

1080 adituk osatutako epaimahaiak aukeratzen ditu bere jatetxe gustukoenak, aurreko 18 hilabeteetan bisitatu behar dituztenak. Kazetariak, sukaldariak, sektoreko profilak eta foodie bidaiariak dira epaileak, 27 eskualdetakoak, 40 bakoitzeko eta %25 aldatu egiten dute urtero.

2022an munduko jatetxe onena Copenhaguen (Danimarka) dago, Rasmus Kofoed chefaren Geranium da. Establezimenduak hiru Michelin izar ditu, eta ez du haragirik ematen. Aldiz, baserri organikoetako barazki eta bertako mariskoarekin kozinatzen du.

Euskadiko lehen ordezkaria seigarren postuan dago, hain zuzen ere, iaz hirugarren izan zen Asador Etxebarri. Parrillan espezialista da Atxondoko erretegia. Bertako produktuen zapore naturalei errespetua eta plateren ukitu keztua nabarmendu dute epaileek. 2021ean Bittor Arginzonizek lankideek aukeratutako Chef’s Choice saria jaso zuen.

Hamar postu beherako, hamaseigarrenari heldu dio Elkanok. Chef onenek bisitatzen dute Getarian dagoen “Euskadiko arrain parrilla prestigiotsuena”. Kantauri itsasoan inspiratutako dastatze menua eskaintzen du Aitor Arregi buru duen hirugarren belaunaldiak, artean, “inoiz jango duzun lupiarik onena”.

Dozena bat urtez hamar onenen artean egon ondoren, iaz 14. postura jaitsi zen Errenteriko Mugaritz. Aurten, berriz, 21.a izan da Andoni Luis Adurizen jatetxea. Epaileek nabarmendu dute ia 25 urte daramatzala esperientzia gastronomikoen mugak zabaltzen eta urtetik urtera “esperientzi horiek esperimentalagoak eta probokatzaileagoak” direla, gastronomiaren “arau konbentzionalak” alde batera utzita.

Duela urte batzuetatik rankingaren luzapen bat ere erabakitzen dute, hau da, 51-100. postuetan gelditu diren jatetxeak zeintzuk diren. Bigarren zerrenda horretan euskal ordezkari bakarra dago, Azurmendi. Iazko 49. postutik 55era jaitsi da aurten. Eneko Atxa sukaldariaren Larrabetzuko jatetxea “Espainiako politenetakoa da” eta epaileek deskribatu dute dastatze menua “plazerra dela zentzumenentzat” eta haren parte diren plateren artean aipamena egin diete biri: keztutako izokin arrautzak eta abakando errea, txingar piper zuku eta tipula morearekin.

Publikazio berriak

Sukaldea
Jantokia
Upategia
Ganbara