Bisubi Fundazioak eta Mantalak antolatuta, Euskal Gastronomiaren Topaketaren bigarren edizioa Bizkaian egin zen. Ekitaldi arrakastatsu hau Euskal Herriko sukaldari, ekoizle, elkarte eta erakundeentzako topaleku bihurtu zen. Esperientzia paregabea eta aberasgarria, gure lurraldeko tradizioari eta gastronomiari balioa emateko.
Ekainean ospatu zen “Euskal Gastronomiaren Topaketaren” bigarren edizioa Sukarrietako zelaietan, BBK Klima espazioan, Urdaibain. Aire zabaleko ingurune horretan, euskal sektore gastronomikoko hainbat ordezkari elkartu ziren, ikuspegi berriak trukatzeko eta etorkizun iraunkorrago baterako bidearen inguruko nondik norakoak hausnartzeko.
Sukaldaritzaren balio-kateko kideek (sukaldariak, produktoreak, ekintzaileak, industria gastronomikoa eta erakundeak) aurpegiak aurrez-aurre ikusteko aukera izan zuten behingoagatik. Komunitate gastronomikoak indarrak batu zituen eta bere ezagutzak eta ikuspegiak partekatu zituen mahai-inguruetan, tailerretan eta kultur emanaldietan. Gastronomiaren sektoreko 250 profesional inguruk parte hartu zuten ekitaldian, baita festara joatea erabaki zuten ehunka pertsonak ere.
Jardunaldiaren lehen zatia hainbat profiletako ponentzien artean egin zen, eta protagonista horien istorioak, ikuspuntuak eta esperientziak ezagutzeko balio izan zuten. Gaur egungo errealitatea eta gizartea, ekonomia eta kultura aldetik etorkizun iraunkorragoa lortzeko bidea hobeto ulertzen saiatzeko testigantzak, hain zuzen ere. Besteak beste, Amaia Arguiñano (BodegaK5), Lara Martin (Bisubi), Lorea Uribarri (BKHG), Julen Baz (Garena), Gorka Txapartegi (Alameda), Edorta Lamo (Arrea), Xabier Zabaleta (Jakitea), Roberto Ruiz (Mahaia), Jone Markaida (Leku Ona) edota Malen Sarasua (Esneki Leartike). Horiek guztiek, lotzen gaituzten zubi komunak eraikitzen saiatu ziren eta sektore gastronomikoko eragileen arteko komunikazioaren garrantzia eta elkarri laguntzeko beharra defendatu zituzten.
Eguneko plater nagusia, jakina, , bertan parte hartu zuten guztiek gozatu ahal izan zuten bazkari jendetsua izan zen. Bisubi Fundazioko sukaldariek eta ekoizleek egin zuten, Gipuzkoako eta Arabako sukaldari gonbidatuekin batera, aire zabaleko zelai handi batean. Zorionez, eta iragarpen guztien aurka, eguzkia agertu zen eta eguna giro ezin hobean garatu zen. Euskal kulturaren alorreko artista garrantzitsuek ere hartu zuten parte, hala nola, Amaia Elizaran dantzariak eta Alaia Martín bertsolariak.
Hainbat su prestatu ziren lurrean, Jokin Salaberri, Xabier Zubiaga, Jon Andoni Martínez (Putxerako Kofradiako kideak) eta Laura Muñoz (Urgorakoa, Araba) babarrunak berain sakramentu guztiekin sukaldatu ahal izateko. Bestalde, Txema Llamosasek (Casa Garras), Aitor Martínezek (Putxerako Kofradia), Jose Mari Aguirrek (La Roca) eta Idoia Bilbaok (talogile) patata-gisatu goxoak prestatu zituzten, baita “putxeran” eta aipatutako suen gainean ere.
Sergio Ortiz de Záratek (Zarate) arroza marinel-eran egin zuen sutan, eta Joseba Irustak (Gure Etxea) arrain-parrillada handi batekin ausartu zen. Oscar García Baldeón (Txakoli Simón) eta Xabier Zabaleta (Aratz, Gipuzkoa) izan ziren haragiaren arduradunak: moxala eta behia txingarretan, kasu honetan.
Gainera, abangoardiako sukaldaritzako lau pintxo dastatu ziren: Luiscar Sanz (Mugarra), Álvaro Garrido (Mina), Manuel Eduardo Rodríguez (Haritza) eta Josemi Olazabalagaren esku (Aizian). Era berean, Euskal Ogiak, Euskadiko gaztak, Euskal Gozogileak eta Kaitxoko artisau-postreak eta Basque Wine, La Salve, Insalus, Boga Garagardoa eta Laugar Breweryko edariak dastatzeko hainbat puntu ere izan ziren.
Bertaratutako jendeak eta feriako parte-hartzaileek beharrezkotzat jo zuten ekitaldia, eta garapen iraunkorraren printzipioak gastronomian sartzearen balioa nabarmendu zuten. Topaketa arrakastatsua izan zen, eta, horri esker, janaria eta elikadura bizimodu dutenek eta janariaren bidez jakintza eta kultura transmititzen duten pertsona guztiei ahotsa emateko plaza ezinhobea suertatu zen.
Bejondeizuela!