Berriak

Euskal sukaldaritza, munduko gastronomiaren erdigunean

Euskal sukaldaritzak mundu osoan duen sona aski ezaguna da dagoeneko. Urte asko dira geure kultura gastronomikoa ezagutarazten daramatzagunak, eta ereindako haziak ekarri du uzta. Aurten ere, munduko sukaldaritza zerrenda entzutetsuetan euskal sukaldari eta jatetxeek erdietsi duten tokia ez da nolanahikoa. Berriki, The World’s 50 Best restaurants eta The Best Chef Awards sariak eman dira jakitera. Ikus dezagun, bada, zer nolako emaitza izan duen bertan Euskadik.

Euskal sukaldaritzak munduan duen lekua eztabaida ezinezko afera da. Asko dira hori eragiten duten faktoreak: Produktua bera, esperientzia gastronomikoak, usadio eta ohiturak, jatetxe entzutetsuak… Guzti horrek kokatzen du Euskadi mundu osoko gastronomiaren erdigunean eta ematen dio berebiziko sona.

Merezitako fama hori indartzen laguntzen duten ekimenen artean badaude zenbait zerrenda ezagun. Horien artean, The Best Chef Awards saria izan da aurten munduko sukaldari onenak aukeratu dituena, eta ondoren etorri da The World’s 50 Best Restaurants. Bietan, euskal sukaldari eta jatetxeek leku nabarmena izan diute.

Dabiz Muñoz izan da aurten hautatua munduko sukaldari onena, baina oso gertutik jarraitu diote euskal sukaldariek ere. Andoni Luis Aduriz, Mugaritzeko buruak, 3. lekua eskuratu du zerrenda honetan. Baina ez da munduko 100 onenen artean kokatu den euskal sukaldari bakarra. Martin Berasateguik 28. postua eskuratu du eta Eneko Atxak 31.ena.

Hori ez da azken hilabeteotan euskal sukaldaritzak mundu mailan jasotako aitorpen bakarra izan, ordea. Esan bezala, berriki munduko 50 jatetxe onenak ere izendatu dituzte eta horien artean badira Euskadiko zenbait ere. Hain zuzen, horietako batzuek errepikatu egiten dute, bi zerrendatan agertzen baitira hautatuak.

Izendapen sonatuenetako bat Etxebarri erretegiak jaso du, eta gainera bertako buru Victor Arguinzoniz Chefs’ Choice Award 2021 ere izendatu dute. Bestalde, Andoni Luis Aduriz-en Mugaritz jatetxea 14. postuan ageri da eta Aitor Arreguiren Elkano 16.ean. Eneko Atxaren Azurmendik ere aitormen bikoitza jaso du oraingoan, zerrenda honetako 49. postuan ageri baita.

Aurten, gainera, zerrenda honek beste 50 jatetxeren aipamena gaineratu du, orotara 100, bere izenari beste hainbeste gehituz. Zerrenda zabalago horretan Euskadiko beste bi jatetxe ageri dira, Josean Alijaren Nerua eta Elena eta Juan Mari-ren Arzak. Ez da marka makala!

Publikazio berriak

Sukaldea
Jantokia
Upategia
Ganbara