Berriak

Euskaldunak 50Next zerrendan, gastronomiaren etorkizunaren eraldatzaile

Gazteak dira eta beraien izenak asko entzungo ditugu etorkizunean, gastronomia eta elikagaien arloa iraultzera baitatoz. 50 Next zerrenda osatzen duten mundu osoko 35 urtez azpiko 50 lagun dira, sektoreari ekarpen berritzaileren bat egiten ari direnak. Aurtengo aintzatetsiak Bilboko Euskalduna Jauregian ezagutarazi dituzte ekaina amaieran. Haien artean bi euskaldun: Eneko Axpe eta Javi Rivero.

Urtero jatetxe onenen zerrenda osatzen duen The World’s 50 Best-ek 50 promesa gazte aintzatesten ditu, gastronomia ekosistemari egindako ekarpen orokorragatik eta aldaketa positibo esanguratsua bultzatzeko ahalmenagatik. Aurtengoa, bigarren edizioa izan da, eta elikagaien nahiz edarien kateko lanbide espektro zabala hartu dute kontuan: ekoizpena, teknologia, hezkuntza, sormeneko industriak, zientzia, ostalaritza eta aktibismoa. Gastronomia sektorearen oraina eta etorkizuna osatzen duten profil anitzen artean bi euskaldun daude: Eneko Axpe eta Javier Rivero.

Eneko Axpe fisikan doktorea da eta materialen zientzian master bat du. NASAn biomaterialen garapenean lanean ari zela ezusteko aurkikuntza batek norabidea aldatzera eraman zuen. Zehazki, elikagaien ekoizpenak gizakiok eragindako berotegi efektuko gasen igorpenaren %37 inguru eragiten dituela jakitean, elikagaien diseinuaren bidez klima aldaketari aurre egitea erabaki zuen. Hala, eragin kaltegarria duten elikagai batzuen alternatiba jasangarriak garatzen ari da, fisika gastronomiari aplikatuta, besteak beste, mahai tresnak, altzariak garatu ditu NASArentzat edota landarez egindako haragia eta txerri produktuen prototipoak sortzeko proiektuetan parte hartzen du. Halaber, Eneko Atxa sukaldariarekin indarrak batuz Oraibi sortu du, elikagai kutsakorrenak ikertzen dituen iraunkortasun proiektua; plater eta teknika berriak ikertzen ditu sukaldaritza guztiz jasangarria sortzeko.

Javier Rivero Yarza sukaldari villabonatarra Ama Taberna jatetxeko jabea da Gorka Rica bazkidearekin batera. Tolosako jatetxea bere amari amari omenaldia da, baita emakumeak euskal sukaldaritzaren kulturan duen garrantziari ere. Izan ere, 19 urterekin ama hil zitzaionean konpromisoa hartu zuen janariaren eta maitasunaren arteko loturari balioa emango zion bide bat jarraituko zuela; eta, hala, ingeniari titulua Basque Culinary Centerren ikastaro bategatik aldatu zuen. Ama Tabernak lurraren altxorrak eta bertako nekazari eta arrantzaleen lana erakusten ditu, eskuragarri dituzten osagaiak baliatzen ditu eta ez du prezioa negoziatzen; aldi berean, sektore gastronomikoa leku hobea, jasangarriagoa eta solidarioagoa egiten laguntzen du, bai bezeroekin, bai langileekin. Gaikuntza-programa sendo bat du eta ziurtatzen du inork egunean zortzi ordu eta astean bost egun baino gehiago lan egiten ez duela. 2021ean Donostian Enea izeneko bigarren jatetxe bat ireki dute filosofia berarekin.

Axpe eta Rivero ez dira aitortza hau jaso duten euskal ordezkari bakarrak, 2021eko zerrendan Maitane Alonso eta Ion eta Mikel Zapiain baitzeuden. Alonsok elikagaiak gordetzeko makina iraultzaile bat garatu du, haien bizitza baliagarria luzatzen duena. Lehen prototipoa etxean osatu zuen pertsiana puskatu zati bat, ordenagailu haizagailu bat eta plastikozko bi ontzirekin. Onura hirukoitza du: elikagaiak alferrik galtzea murrizten du, guztiz jasangarria da eta familiei dirua aurrezten laguntzen die. Innovating Alimentary Machines enpresa sortu zuen 18 urterekin eta Massachusetts Institute of Technologies-ek asteroide bat izendatu zuen bere omenez. Bestetik, Zapiain anaiak sagardotegiko ekoizpena zabaltzen aritu dira, familiako sagardo natural eta ozpin produktu ospetsuei Bizi-goxo errezil sagarrarekin egindako izotzezko sagardo berri bat gehituz. Horrez gain, sagardo ekologiko lerro berri bat ere garatu dute, Tolosako sagar baratze batetik abiatuta, baita komunikazio berritzaile baten alde egin ere.

50 Best-ek eta bazkide akademikoa den Basque Culinary Centerrek egindako ikerketa eta analisi sakon baten emaitza da 50 Next. Deialdi irekian proposatutako 400 hautagaien artetik aukeratu dituzte 30 herrialdetako 22 eta 37 urte arteko 50 talentuak. Kontuan hartzen ditu 35 urtez azpikoak, baita adin muga hori gainditu arren, ibilbide profesional honetan hasi berri direnak ere. Zerrenda ez da rankinga, gazteak inspiratzea, ahalduntzea eta konektatxea xede du, alorreko erronkei ikuspegi berrietatik heltzeko.

Publikazio berriak

Sukaldea
Jantokia
Upategia
Ganbara