Berriak

Gastro Gaztea, talentua ate joka

Sukaldari gazte, ekintzaile eta sortzaileen lana aitortzeko jaio zen Gastro Gaztea ekimena, Basque Culinary Center unibertsitatearen eskutik. Bereziki, tokiko produktuari garrantzia emanez sortzen duten horiek balioan jartzeko. Izan ere, “sukaldea berriz ere sustraietara itzuliz berritzen ari da”, egitasmo honen zuzendari Imanol Zubelzuren ahotan.

Gastro Gaztea ekimena 2020ko abenduan jaio zen, Basque Culinary Center-en eskutik eta eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Ekimenaren helburua bertako produktuari arreta berezia jartzen dioten sukaldari gazteen lana bultzatu eta ikusaraztea da. Ekimenaren baitan topaketa batzuk ere antolatu dira Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan ekoizleek eta sukaldari gazteek elkar ezagutu eta aurrez-aurre lan egin dezaten.

Egitasmo honen helburu nagusia talentua ekoizlearenganaino eramatea da, sasoiko eta hurbileko produktuekin estilo gastronomiko berriak lantzeko eta protagonista nagusitzat produktua duten menuak diseinatzeko.

Ekintza gastronomiko horietako bat, hain zuzen, Donostiako Tabakaleran kokatua dagoen LABe jatetxean ospatuko da datorren urriaren 25ean. Bertan, plater ezberdinen bidez, sasoiko produktua eta sukaldaritzako teknika tradizionalen garrantzia azpimarratuko da Gastro Gaztearen izpiritua laburbiltzen duten 3 sukalderen eskutik: Garena Jatetxa (Bizkaia), Kromatiko Jatetxea (Araba) eta Ama Taberna (Gipuzkoa). Afari honetan, gainera, Astigarragan kokatua dagoen Astarbe sagardotegiko produktuak ere dastatuko dira.

Garena jatetxeko Julen Baz sukaldaria da talentu gazte horren erakusleetako bat. Gorbeia eta Urkiolako parke naturalen artean kokatutako baserri honetan berrikuntza gastronomikoa eta tradizioa uztartzen dira. Bere esanetan, “garrantzitsuena ekoizlearengandik gertu egotea da” produktua ongi ezagutzeko .

Gastro Gaztea ekimenarekin, Basque Culinary Centerrek bertako produktuekin, jasangarritasunarekin eta identitate gastronomikoarekin lotutako balioak oinarri hartuta lan egiten duten euskal sukaldari gazteak bultzatu eta aitortu nahi ditu.

Zubelzuren ustez, “produktuak identitatea, ezagutza eta balio jakin batzuk” dakartza bere baitan, eta bertako ekoizleen lana erabiltzeak “sukaldaritzatik harago, gure lurra defendatzeko, sustatzeko edo proiektatzeko” aukera eskaintzen du.

Gastro Gaztea proiektuaren arduradunaren arabera, gainera, “sukaldea bere sustraietatik birsortzen eta berritzen ari da, eta hori ariketa benetan ederra da. Gure ondarea eta balioa mantenduz berritu eta sortzeko modu bat da.  Eboluzionatzeko modu bat, kultura gastronomikoa garai berrietara egokituz baina historikoki bereizten gaituzten sustraiak mantenduz”.

Publikazio berriak

Sin categoría
Sin categoría
Laborategia
Sukaldea mahaia kolektiboa