Berriak

Gastroandere, gastronomiak noka hitz egiten duenean

Jakina da euskaraz hitz egiterakoan, hika eginez gero, toka edo noka egin daitekeela. Alegia, emakumezkoari hika egiten badiozu, noka egin behar diozu, eta gizonezkoari aldiz toka. Gastroandere euskal sukaldaritzan emakumeek duten lekua eta garrantzia azpimarratzeko jaiotako egitasmoa da. Alegia, euskal gastronomiak noka egiten duenean.

Lau emakume gaztek sortu zuten Gastroandere, urrats bat aurrera emanez. Emakumeek sektoren honetan egiten duten lana ikusgai jarri eta haiei ohore egiteko jaio zen. Onintza Mokoroak, Carolina Rinconek, Maitane Aranburuk eta Alazne Canok argi ikusi zuten horrelako egitasmo bat ezinbestekoa zela, eta bat egin zuten indarrak uztartuz.

Euskal Gastronomia Kofradiaren egituran integratuta dagoen talde honen helburuak modu ezin hobean iragarri zituzten. Beren bizita ostalaritza eta gastronomian murgilduta eman duten 22 emakume omendu zituzten. Onintza Mokoroaren arabera, Gastroandere abian jartzeko ideia aspalditik zuten buruan. Kofradiako zuzendaritza batzordeko kide zenez, gehienetan ahotan gizonezkoen izenak zituztela ohartu eta bere buruari galdetu zion: “Non daude makumeak?”.

Handik gutxira Carolina Rincon sukaldari eta dietistarekin elkartu zen, eta komunean zituzten kezkak partekatu zituzten. Ez zen bilera antzua izan. Amaitutakoan, “zerbait egiteko” erabakia hartu zuten eta handik gutxira batu zitzaien Maitane Aranburu ere.

Rinconen esanetan, Gastroandereren helburua zein izan behar zen argi ikusi zuen, 45 sukaldari elkartu zituen bazkari batean. Izan ere, horietatik soilik bost ziren emakumezkoak. Haietako batzuekin eseri zen: Amaia Ortuzar (Ganbara), Tatus Fombellida (Panier Fleuri zenekoa) eta Visi Irizar (Luis Irizar sukaldaritza eskolakoa). Haien esperientziak entzun ostean honelako ekimen bat abiatzea ezinbestekoa zela pentsatu zuen, eta helburuak argi zituen:”Lan handia egin duten emakume hauek omentzen hastea, haiei esker baitugu ezagutzen dugun gastronomia ondarea. Berdintasuna defendatzea, alegia”.

Errealitate ezberdinetatik iritsitakoak badira ere, emakume horiek guztiek kezka berdina partekatzen dute. Honela azaltzen du Aranburuk: “Diziplina anitzeko taldea gara, baina oso ongi egiten dugu bat. Guztiok ados gaude gure aurretik zeuden emakumeak omentzeko beharrarekin”. Esan eta egin.

Bere sorrera ekitaldian, Omenaldi Handia izenburupean, Gastroanderek euskal sukaldaritzako 22 emakumeri egin zien gorazarre. Guztiak agertu ziren harrituta beraiei omenaldia eskeini nahi izanagatik. “Nik egin behar zena besterik ez nuen egin”, esan zuten askok umiltasunez, egindako lanari garrantzia eman gabe.

Emakumeok, ordea, ekarpen handia egin diote lurraldeari, garapenari, enpleguaren sorrerari edo tokiko produktuen sustapenari. Eta izen abizenak jartzea ezinbestekoa da, horietako asko oraindik izkutuan baitaude.  Onintza Mokoroaren esanetan,”etorkizuneko belaunaldientzat oso garrantzitsua da gaur egun emakumeek egiten dutena ikusarazteaz gain, aurreko belaunaldietakoek egin zutena ere erakustea”.

Publikazio berriak

Laborategia
Sukaldea mahaia kolektiboa
Sukaldea
Sukaldea