Berriak

Gastrovalocal, galdutako barazkiaren bila

Gastrovalocal gure baratzetako sustrairik sakonenetan murgiltzen den proiektua da, galdutako barazki, zereal edo tuberkuluen bila. Helburua ahaztutako barietate horien laborantza berreskuratzea da, berriz ere sukaldean erabil daitezen.

Garai batean tomate, arto, piper eta patata barietate jakin batzuk landatzen ziren Euskadin. Arrazoi ezberdinak direla-eta, horiek hazteari utzi zitzaion eta gaur egun galduak dira. Ekoizpen gaitasun txikiak edo izurriteekiko sentikortasunak ahanzturara kondenatu zituen, kasik. Orain, Gastrovalocal proiektua barietate horiek berreskuratu eta balioesten saiatzen ari da, Basque Culinary Center-eko BCCInnovation egitasmoaren partaidetzarekin.

Barietateok erabilpen gastronomikoa dute eta Euskadiko aberastasun begetalaren adierazgarri dira. Garai batean oso garrantzitsuak izan ziren,  baina arrazoi ezberdinengatik landatzeari utzi zitzaien.

Antzuolako madari-tomate horia; Delika, Txakinarto eta Maruri arto barietateak; Miren, Gorbea eta Leire patatak edo Gorostiola nahiz Barrika piperrak dira Gastrovalocal egitasmoak berreskuratu eta euskal gastronomiako plateretan berriz ere barneratu nahi dituen barietateetako batzuk.

Irudikatu indusketa arkeologiko bat, non hiri galdu baten ordez, ikertzaileak gure oroimenetik ia-ia ezabatutako iraganeko landare barietateak bilatu nahian dabiltzan. Bada, hori da Gastrovalocal egiten ari den lan zoragarria, labur esanda.

Proiektu honetan entitate ezberdinek hartzen dute parte, hala nola Azurmendik, Basque Know How Fundazioka, Makrok, Guillermo González nekazariak (Gaztañatxu baserrikoak), BCC Innovation-ek (Basque Culinary Center-eko Gastronomiako Zentro Teknologikoak) eta NEIKER-ek.

Helburua dagoeneko erabiltzen ez diren tomate, patata, arto eta piper landaketak berreskuratzea da, merkatuan berriro sartzeko. Gainera, bertako nekazarien, HORECA kanalaren eta gizartearen artean dinamika berriak sustatu nahi dira. Prozesu honek higadura genetikoa aurrikusi eta aurre egitea ahalbidetzen du, laboreak dibertsifikatzen laguntzen du eta enplegua bultzatzen du.

Berreskuratu nahi diren lehen barietateak hautatzeko, bakoitzaren ahalmen gastronomikoa hartu zen aintzat. Halaber, NEIKER germoplasma bankuan barietate horretako hazi eta tuberkuluak ba ote zeuden begiratu zen. Izan ere,  euskal nekazaritzaren “Parke Jurasikoa” da, eta bertan gordetzen dira barietate horien guztien laginak.

Landare-erlikiak dira eta ekoizpen gaitasun txikiagoa izateagatik, izurriteekiko sentikortasun handiagatik edo merkatuaren ohitura eta eskaeren aldaketen ondorioz baztertu zen haien landaketa.

Proiektu honen baitan, Azurmendi jatetxeak eta BCC Innovationek berriz ere balio gastronomikoa emateko prozesua jarriko dute abian, erabilpen horren ondorioz sortutako produktuak balioesteko sukaldaritza teknika tradizionalak eta abangoardistak erabiliz.

Horretarako, produktu bakoitzaren hazkunde-fase ezberdinen ahalmena ikertuko da, potentziala aztertuz eta ezaugarri diferentzialak nabarmenduz. Horrez gain, Basque Culinary Centerreko jasangarritasun printzipioei jarraiki, barazkien atal ezberdinen erabilera integrala bultzatuko da.

Gastrovalocal ekimenak baserritarren eta Horeca kanalaren arteko balio-kate berriak sortu nahi ditu, bertako baratz tradizionalak babestuz. Egitasmo honek onura ezberdinak ekarriko ditu: Merkatuan barazki gehiago egongo da, Horeca kanalak eskaintza gastronomikoa dibertsifikatu eta aberastuko du, eta kontsumitzaileek produktu horiekin sortutako esperientzia gastronomiko berriak gozatu ahal izango dituzte.

BCC Innovation Gastronomiako Zentro Teknologiko Sektoriala da. Bere eginkizuna gastronomiaren eta sukaldaritza esperientzien inguruko ezagutza aplikatua ikertzea eta sortzea da. Ezagutza hori goi sukaldaritzako profesionalen, elikagaien balio katean parte hartzen duten eragile guztien eta gizarte osoaren eskutan jartzen da. Bere helburuen artean enpresa berrien sorkuntza sustatzea ere badago.

Gastrovalocal ekimenak Eusko Jaurlaritzaren eta Landa Garapenerako FEADER Europako Nekazaritza Funtsaren laguntza du.

Publikazio berriak

Laborategia
Sukaldea mahaia kolektiboa
Sukaldea
Sukaldea