Berriak

Haragi guztia sutan

Haragia eta parrilla maite dutenek saihestezineko hitzordua dute asteburuan Tolosan. Izan ere, maiatzaren 20tik 22ra bitartean Haragi, Haragiaren eta Txingarraren Nazioarteko III. Topaketa aurrera eramango baitute herriko zenbait txokotan. Aurrez, hilaren 19an, sektoreko profesionalei begirako jardunaldia izango da Donostiako Basque Culinary Centerren.

Txuleta eta parrilla tradizioa dira Tolosako gastronomia eskaintza ezagunaren ikurretako bi, eta herriko DNAren parte. Puntako erretegiak eta parrilla tradizio luzea ditu, beraz, Txingarraren eta Haragiaren Nazioarteko Topaketa ospatzeko gune ezin aproposagoa da, Olatz Peon alkateak aurkezpenean nabarmendu bezala. “Txuletaren festa gisa hasi zena nazioarteko topaketa bihurtu da; haragiaren hiriburu bilakatu da Tolosa, eta arrakasta izan du, festaren herri izaeragatik ez ezik, herriko eragile sozialen inplikazioagatik ere bai”. Eusko Jaurlaritzako Kalitate eta Elikagaien Industriako zuzendari Raul Perez Iratxetak, berriz, euskal gastronomian haragiak duen garrantzia gogoratu zuen. “Gure gastronomiaren bereizgarrietako bat da haragia, baita gure abeltzaintza sektorearen ezaugarri nagusietako bat ere, elikagai osasungarriak modu iraunkorrean ekoizten dituena”.

Parrilak asteburuan piztuko dituzte Tolosan. Aurretik, ordea, profesionalei begirako bilkura egingo dute ostegunean Donostiako Basque Culinary Centerren. Generoa eta teknika ardatz nagusi hartuta, “sektorea balioan jarriko dugu, oraingo honetan arreta berezia eskainiko baitiegu kalitateari, animalien ongizateari eta jasangarritasunari”, adierazi zuen Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizegak. Abeltzaintzaz gain, Tolosako ekosistemari ere begiratuko diote, baita haragiari edota suarekin kozinatzeari ere eta sektorearen etorkizunaz ere ariko dira. Ponentzien ondoren, bazkari-hizketaldi bat egingo dute ondorioak plazaratu eta partekatzeko. Otordua Laia Erretegiko Jon Ayala, Casa Garraseko Txema Llamosas, Basería de Cuéllarreko Alberto Guijarrok eta KEA Fine Foodeko Rodrigo García Fonseca sukaldariek prestatuko dute.

Topaketan nazioarteko sukaldari eta parrilleroek parte hartuko dute. Tolosan izango diren nazioarteko sukaldariez gain, Michelin izarra duen Lera jatetxeko Luis Alberto Lera, Bodega El Caprichoko Jose Gordon, Terrabuey abeltzaintza finkaren eta Braseria Cuellar erretegiaren arduradun Guijarro Anaiak edota Arrea! Jatetxeko Edorta Lamo sukaldariek ere parte hartuko dute.

Ostiraletik igandera bitartean, berriz, Tolosa izango da Haragiren erdigunea. Herritarrei begirako jarduera ugari aurrera eramango dituzte. Hirugarren edizioa berrituta dator eta belaunaldi berrietara hurbiltzeko asmoz jaialdi bat antolatu dute: Haragi Fest. Zumardi Txikian foodtruck gunea jarriko dute asteburu osoan zehar. Bertan postua izango dute AMA, Goya, Barriola, Ekotalo eta Basquetruck-ek. Zuzeneko musika, berriz, Mango Fango vs Global Funk DJs, Deñe, Filipe Bittencour, Mugan, Moonshine Wagon eta DJ Makala taldeak arduratuko dira.

Trianguloa plazan, berriz, showcookingak egingo dituzte larunbat goizean. Bertan, su artean duten abilezia erakusten ariko dira Stockholmeko Eksdet jatetxeko Florencia Abella, Buenos Aireseko Parrilla Don Julioko Pablo Rivero eta Txomin Parrilla. Leku berean, gainera, Sua espazioa izeneko ikasgela ere jarriko dute. Parrilla inklinatuaren teknika eta txuleta bat tolosar erara erretzeko kontuan hartu beharrekoak irakatsiko dituzte Xabier Gorrotxategi, Joxean Goya, Miguel Cruz eta sektoreko beste profesional tolosar batzuek. Ikasteaz gain, dastatzeko aukera ere izango da. Ordubete inguruko bi txanda egingo dituzte goizean eta sarrerak 5€ balio du. Haragi.eus webgunean eros daitezke.

Tolosako Udala, Eusko Jaurlaritza, HAZI, Basque Culinary Center-ek antolatuako egitasmoa da eta guztira hainbat herrialdetako 30 profesional eta adituko batuko ditu topaketak.

Publikazio berriak

Sin categoría
Laborategia
Sukaldea mahaia kolektiboa
Sukaldea