Berriak

Hiru euskal promesa, munduko gastronomiaren izar gazteen artean

Zein antzekotasun dute euskal sagardoa ekoizten duen upategi batek eta elikagaiak kontserbatzeko egitasmo batek? Bada, biak ala biak 35 urtetik beherako euskal herritar gazteek zuzentzen dituzte. Eta, gainera, munduko gastronomiaren 50 izar gazteen artean hautatu dituzte. Halaber, bi kasuetan oso garrantzitsua da ikerketa eta berrikuntza.

2021. urtean lehenengo aldiz, “The World’s 50 Best Restaurants” munduko 50 jatetxe onenen zerrenda sonatuak jokoaren arauak aldatu eta mundu mailako gastronomia iraultzera bideratutako 50 gazte hautatu ditu. 50 Next da zerrendaren izena eta Euskadiko hiru gazte dauden bertan: Maitane Alonso eta Ion nahiz Mikel Zapiain anaiak.

“The World’s 50 Best Restaurants”-ek, munduko 50 jatetxe onenen zerrenda argitaratzeagatik ezaguna denak, etorkizuneko gastronomia iraultzera bideratutako 35 urtetik beherako 50 gazteen lana aitortu du aurten. Zerrenda 2021ean kaleratu da estreinekoz 50 Next izenarekin, eta gastronomiaren mundua modu berezi eta interesgarrian aldatzen ari diren 50 izar gazte aurkeztu ditu. Zerrendan ageri diren gazte guztiak maila berdinean aitortzen ditu sari honek, zazpi kategoriatan banatuta.

Sukaldaritzarako irtenbide paregabeak garatzen dituzten biologoak, ingeniariak eta asmatzaileak biltzen dituen Zientzialari Berritzaileen kategorian Maitane Alonso izan da izendatua. Bestalde, Zapiain anaiak, abizen bereko sagardotegikoak, jokoaren arauak aldatzen ari diren ekoizleen artean aitortu dituzte.

ELIKAGAIEN KONTSERBAZIOA

Alonso ikertzaile gaztea eta medikuntza ikaslea da, eta elikagaiak kontserbatu eta haien bizitza luzatzeko makina iraultzailea garatu du. Munduan ekoizten den janari guztiaren herena alferrik galtzen dela kalkulatzen da, urtean 1.300 milioi tona inguru.

Arazo honi aurre egiteko, Maitane Alonsok 18 urte besterik ez zituela sortu zuen Innovating Alimentary Machines izeneko enpresa, elikagaien bizitza erabilgarria luzatzen duen asmakizunaren etxerako eta industriarako prototipoak garatzen ari dena.

Maitanek etxeko janaria kontserbatzeko makina iraultzaile honen lehen prototipoa pertsiana hautsi bat, ordenagailuko haizagailu bat eta plastikozko bi ontzi baliatuz sortu zuen. Frogak egiten hasi zen eta laster ohartu zen “airez tratatutako ontziratzea” deitu zion metodoarekin ontzi barneko usainak sortzen zituzten mikroorganismoak asko murrizten zirela.

Bere asmakizunaren onurak hiru dira: Janaria alferrik galtzea saihesten du, guztiz jasangarria da eta familiei dirua aurrezten laguntzen die. Proiektuak nazioarteko hainbat sari jaso ditu dagoeneko.

SAGARDO BERRITZAILEA

Sagardoak benetako iraultza bizi du munduan. Gehien hazten den edari alkoholdunetako bat da, eta joera da Estatu Batuetan boladan dauden leku askotan. Sagardoak nazioarteko goraldia bizi du.

Zapiain sendia XVI. mendetik dago gutxienez sagardogintzari lotua.  Berrikuntza eta ikerketa euskal sagardotegi honen DNAan daude, ordea. 1960ko hamarkadaz geroztik, Astigarragan kokatutako upategi hau bere produktuen ekoizpenean bikaintasuna lortzen ahalegindu da, eta 50 Next zerrendak saritu du berriro ere ahalegin hori.

Zerrendak Mikel eta Ion Zapiain anaia gazteek euskal sagardogintzaren barruan egindako lana azpimarratu du, sustrai eta tradizio sakona duen produktu honen dibertsifikazioaren bidez. Ion Zapiainen arabera, “gure upategian tradizioari uko egin gabe berrikuntza sustatzen saiatzen gara. Hori dela eta, azken urteotan lan handia egin dugu produktua hobetzeko eta dibertsifikatzeko”.

Publikazio berriak

Sin categoría
Sin categoría
Laborategia
Sukaldea mahaia kolektiboa