“Jaten duzuna zara” esan ohi da azkenaldian. Beraz, zehazki zer jaten duzun jakin arte ez dakizu nor zaren. Euskadin sasoiko eta tokiko produktu ugari ditugu, jatorri deituretan, babestutako adierazpenetan eta jatorri nahiz kalitatezko beste marka eta berme batzuetan kokatuta. Baina, ba al dakizu zeintzuk diren? Mantala-n gure elikagai preziatuenen berri ematen joango gara gutxinaka. Doala zerrenda hau aurrerapen gisa.
Euskadi mundu mailan ezaguna da bere gastronomiagatik, ezinbestean bertako eta sasoiko produktuekin lotuta dagoena. Hori dela eta, HAZI Fundazioa ahalegin garrantzitsua egiten ari da tokiko nekazaritzako eta abelzaintzako elikagaiak identifikatu eta ziurtatzeko.
HAZI Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren baitako tresna da. Lehen sektorearen eta elikagaien lehiakortasuna baita landa nahiz itsasertzeko eremuen garapen iraunkorra sustatzea du helburu. Bere jarduera anitzen artean, bertako produktuen ziurtapena da nagusietako bat, kalitate berme, jatorri izendapen eta babestutako adierazpen geografikoen kudeaketaren bitartez.
Kontrol eta ziurtapenenm hauen eginkizuna kontsumitzailearengan, ekoizleengan eta gainerako eragileengan konfiantza sortzea da. Horretarako, kalitate bermearekin lotutako nekazaritza nahiz abelzaintzako elikagaien araudian zehaztutako ezaugarriak betetzen direla bermatzea ezinbestekoa da.
HAZI arduratzen da barietate autoktonoekin lotutako produktuen kontrola eta ziurtapena egiteaz. Alor ezberdinetan egiten du, gainera: Laborantzatik hasi, hazkundetik pasa eta ekoizpeneraino. Ba al dakizu, ordea, zenbat eta zeintzuk diren euskal nekazaritzako elikagaien baitan ziurtatutako produktuak? Artikulu honetan dauzkazu zerrendatuak merkatuan aurki ditzakezun HAZIk bermatutako kalitatezko eta jatorriko produktuak.
JATORRI DEITURA:
Labur esanda, Jatorri Deitura bezala uler daiteke kokapen geografiko baten izena toki horretan jatorria duen elikagai bat identifikatzeko erabiltzen denean, eta elikagai horren kalitate eta ezaugarriak nagusiki ingurumen geografiko horren, bere natura ezaugarrien edo bertako giza faktoreen ondorio direnean. Gainera, ekoizpen eta eraldaketa izena ematen dion eremu geografikoan burutu behar da. Euskal Autonomia Erkidegoan 6 Jatorri Deitura daude:
- Euskal Herriko Kantauriko antxoa
- Arabako Errioxako ardoa
- Idiazabal gazta
- Getariako Txakolina
- Arabako Txakolina
- Bizkaiko Txakolina
- Euskal Sagardoa
ADIERAZPEN GEOGRAFIKO BABESTUA:
Adierazpen Geografiko Babestua duten produktuak eremu geografikoari lotuta daude gutxienez ekoizpen, eraldaketa edo prozesatze faseetako batean. EAEn bi daude.
- Euskal Okela
- Gernikako piperra
EUSKO LABEL:
Eusko Label markaren ikurra K hizkia da, kalitatearen adierazgarri. Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzi, eraldatu edo egindako nekazaritza eta abelzaintzako elikagaien produktuak identifikatzeko eta bereizteko balio du, haien kalitatea edo berezitasuna bataz bestekoarena baino nabarmenagoa denean.
- Euskal Gatza
- Euskal Esnea
- Arabako Aleak
- Antxoa Freskoa
- Euskal Baserriko Arrautza
- Euskal Baserriko Oilaskoa
- Euskal Esne Bildotsa
- Hegaluzea eta Hegalaburra
- Eusko Label Eztia
- Arabako Patata
- Ibarrako Piparrak
- Euskal Babarrunak
- Euskal Letxuga
- Euskal Tomatea
- Oliba Oliao Birjina Estra
- Baserriko txerria
EUSKAL BASERRI
Euskal Baserri Euskal Herriko frutak, barazkiak eta lekaleak identifikatzea ahalbidetzen duen jatorrizko marka da. Produktu hauek freskoak merkaturatzen dira nagusiki, baina kontserban ere aurki daitezke, beti ere Euskal Baserri logotipoarekin behar bezala identifikatuta.
Hauek dira Euskadin ditugun izendapen, adierazpen eta kalitate marka nagusiak. Mantala-tik haien kontsumoa eta gastronomian duten erabilera sustatuko ditugu, eta atal honetan bertan gure herrian dauden produktuak ezagutzera emango ditugu HAZIren laguntzarekin.