Berriak

Mahaia Kolektiboa, euskal sukaldaritza berriaren sugarra

Mahaia Kolektiboa euskal sukaldaritzaren bilakaerarekin konpromisoa hartutako sukaldari talde batek osatzen du. Basque Culinary Center-en laguntzarekin, 2021eko apirilean “Sutondoan” aurkeztu zuten, produktuarekin, lurraldearekin eta bertako kultura gastronomikoarekin lotutako liburua. Euskal sukaldaritza berria deritzonaren eztanda gertatu eta 40 urtera, talde hau aurrerapauso bat ematera etorri da jasotako ondarea betikotzeko.

Paperezko liburu bat komunikazio digitalaren eta sare sozialen garaian? Halaxe da, Mantala-n tradizioa nahiz berrikuntza gustatzen zaizkigu eta. Hain zuzen ere, “Sutondoan” liburuan gertatzen den bezala, euskal sukaldaritzaren bi ikuspegiak batzen baititu lan honek: tradizionalena eta modernoena.

Euskal sukaldaritza berria sortu eta 40 urte geroago, 16 sukaldarik osatzen duten Mahaia Kolektiboa maisu handiengandik jasotako ondarea eguneratu eta jauzi bat ematera dator. Pauso bat harago: “Produktuaren garaia da orain, eta hori da gure kolektiboaren ezaugarri nagusia. Gainera, talde irekia gara, ez dizkiogu ateak inori ixten”, adierazi dute.

“Sutondoan” liburua Mahaia Kolektiboaren asmo-adierazpen moduko bat da. Bertan, talde honek produktuarekin, lurraldearekin eta bertako kultura gastronomikoarekin duen loturaren berri ematen dute. “Euskal sukaldaritzaren tradizioa eta berrikuntza batzen dituen liburua da, ekoizle txikien lana aitortuz eta belaunaldi baten ezagutza jasoz ikuspegi berritzaile baten bitartez”, jakinarazi dute.

Liburu hau Mahaia Kolektiboaren sukaldeetatik atera den lehen plateretako bat da. 16 jatetxetako arduradunek osatzen dute taldea. Belaunaldi hibrido baten semeak dira, dagoeneko sona nabarmena dutenak. Liburuan, ekoizleek, baserritarrek eta arrantzalek dute protagonismoa. Pertsonarik gabe ez baitago gastronomiarik, baina, jakina, produkturik gabe ere ez. 

Sukaldaritzako 16 profesional hauek beren aurrekoen ondare garrantzitsua jaso dute, baina plater eta sorkuntzei ikuspegi berritzailea ere ekarri diete. Elkar uler dezagun: Amonarengandik kroketak egiten ikasi baina noizean behin sushi japoniar plater bat prestatzea ere gustuko duenak bezala.

Kolektiboko kideen artean daude Aitor Arregi, Igor Arregi, Pili Manterola, Gorka Txapartegi, Jon Ayala, Iñigo Lavado, Xabier Gorrotxategi, Enrique Fleischmann, Roberto Ruiz, Pablo Loureiro, Rubén Trincado, Ander González, Dani López, Ismael Iglesias, Aizpea Oihaneder eta Xabier Díez.

Mahaia kolektiboa Irizar, Arzak eta Subijana bezalako profesional handien ondaretik jaio da euskal sukaldaritzaren bilakaera bermatzeko. Horretarako, sektorearen iraunkortasuna, kalitatea, berrikuntza eta garapena sustatzen dituzten ekintzak bultzatuko dituzte.

Sutondoan Basque Culinary Center-eko online dendaren bidez dago eskuragarri. “Bi eskuz idatzitako gutuna” dela esan daiteke, euskal kultura eta tradizioak baititu ardatz “produktu eta elaborazioetan berritzeko abiapuntu gisa”.

Publikazio berriak

Sin categoría
Sin categoría
Laborategia
Sukaldea mahaia kolektiboa