Mantala Basque Gastronomyk eta BERRIAk Basque Culinary Centerren antolatutako topaketak 100 gonbidatu inguru bildu zituen, sektoreko emakumeen ibilbideak, jakintzak eta ekarpenak aitortzeko.
Mamia proiektuko lehen aitortzak ospatu ziren atzo Basque Culinary Centerren, euskal gastronomiaren parte diren emakumeen lana, jakintza eta ibilbidea balioan jartzeko helburuarekin. Mantala Basque Gastronomyk eta BERRIAk antolatutako topaketak 100 gonbidatu inguru bildu zituen formatu hurbil, zaindu eta intimo batean: mahaietan eserita, askari bat partekatuz eta emakumeen ahotsak erdigunean jarriz.
“Mamia” hitzaren ideiatik abiatuta, muinera, funtsara, barruan dagoenera begiratzeko gonbidapen gisa, jardunaldiak 2024an argitaratutako Mamia liburuarekin hasitako bideari jarraipena eman zion. Liburu hark euskal gastronomiari lotutako 50 emakumeren istorioak, ahotsak eta ekarpenak jaso zituen. Orain, lehen aitortza hauen bidez, Mamia egitasmoak kontakizun hori zabaltzen jarraitu nahi du, egunero euskal gastronomia sostengatzen eta eraikitzen duten beste emakume askoren lana ikusaraziz.
Jardunaldian ongietorri instituzionala egin zuten Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak, eta Amagoia Mujikak, BERRIAko zuzendariak. Ondoren, Iñar Sastre eta Danaé Riañoren musikak girotu zuen topaketaren hasiera. Ekitaldiak, gainera, askaria posible egin zuten emakumeen testigantzak jaso zituen: Ainara Abasolo, Irrika Gluten Freeko arduraduna; Maite Retolaza, Oiharte Sagardotegiko burua eta Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren lehendakaria; Paula Ostolaza, Gañeta Txakolindegiko burua; Ziortza Lopez, Soloitza Gaztandegiko gaztagilea; eta Lidia Olaizola, Kaia Kaipeko sukalde burua.
Formatu horren bidez, mahai gainean zeuden produktuak ez ezik, haien atzean dauden istorioak, ofizioak, erabakiak eta begiradak ere partekatu ziren. Ogia, gozoak, sagardoa, txakolina, gazta eta atuna abiapuntu izan ziren jatorriaz, lanaz, transmisioaz eta lurraldeaz hitz egiteko.
Bost aitortza, euskal gastronomiaren kontakizuna zabaltzeko
Lehen edizio honetan, Mamiak bost emakume eta talde aitortu zituen, euskal gastronomiari hainbat esparrutatik egindako ekarpenagatik: lurraldea, baserria, ardoa, aretoa, komunitatea eta landa-eremuari lotutako sukaldaritza.
Lurraldearekiko konpromisoa aitortza Nagore Etxebarriarteun Jauregibarriarentzat izan zen, García de Olano Upategikoa. Arabako Errioxako familia-upategi baten kudeaketan, profesionalizazioan eta proiekzioan egindako ibilbidea aitortu zitzaion. Bere lanak Laguardiako eta Paganoseko ardoak merkatu berrietara iristen lagundu du, lurraldeko produktua beste testuinguru batzuetara zabaltzeko bidean.
Ibilbide oparoa / Erroa aitortza Marije Insausti Ondarentzat izan zen, Iztueta Esnekiakekoa, baserriari, esneari eta lurraldeari lotutako bizitza oso batengatik. Bere ibilbideak baserriari lotutako jakintzaren transmisioa irudikatzen du, baita tradizioa eta berrikuntza uztartzeko gaitasuna ere, produktu artisauen, elaborazio berrien eta herritarrak elikagaien jatorrira gerturatzen dituzten bisiten bidez.
Gastronomia gizarteratzea aitortza Maider Larrañaga Zubillagarentzat izan zen, Arteaga Landetxeko sumillerra eta ostalaria. Aretotik ardoaren eta gastronomiaren mundua publikoarengana hurbiltzeko egin duen lana nabarmendu zen. Maiderrek ez du soilik ardoa zerbitzatzen: kontatu egiten du, testuinguruan kokatu, eta botila bakoitzaren atzean dauden pertsonak, paisaiak eta erabakiak mahaikidearengana eramaten ditu.
Sarea ehuntzea / Komunitatea aitortza Hika Gastronomikoko areto-taldearentzat izan zen: Ana Isabel Etxeberria Otaegi, Mila Ugartemendia Zuriarrain, Arantxa Zubia Etxezarreta, Elba Amores Constante, Sana Eddardi Zindin eta Naroa Iraola Arregui. Aitortzak aretoko lana, komunitatea eta baserria, sukaldea eta mahaikidea hurbiltasunez, zaintzaz eta profesionaltasunez lotzeko gaitasuna jarri zituen balioan.
Azkenik, Lurraldeari lotutako sukaldaritza aitortza Beatriz Pascualentzat izan zen, Salinas de Añanan kokatutako Almazen Salinaseko sukaldaria. Landa-eremuan eta proiektu propio baten bidez lurraldeari lotutako sukaldaritza garatzeagatik jaso zuen aitortza. Bere lanak erakusten du euskal gastronomia herri txikietan ere eraikitzen dela: paisaian, gertuko produktuan eta komunitatearekin sortzen den eguneroko harremanean.
Aitortzak Amaia Barredok, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, eman zituen.
Emakumeak, memoria eta kontakizuna ardatz
Aitortzez gain, topaketak Isabel Jaurenaren parte-hartzea izan zuen. BERRIAko Gizartea saileko koordinatzaileak hausnarketa bat partekatu zuen emakumeek euskal gastronomiaren kontakizunean izan duten presentziari buruz. Bere hitzek Mamiaren galdera nagusietako bati heldu zioten: nola kontatu da euskal gastronomiaren historia, nor agertu da kontakizun horretan eta nor geratu da bigarren planoan, urte luzez lana, jakintza eta transmisioa sostengatu arren.
Jardunaldia Amaia Barredoren hitzaldiarekin eta Iñar Sastre eta Danaé Riañoren azken musika-piezarekin amaitu zen. Topaketak sariak banatzeaz harago, emakumeen lana aitortu, haien ahotsak entzun eta euskal gastronomiaren kontakizuna zabaltzeko aukera eman zuen.





