Berriak

Mantala, euskal gastronomian egosten den guztia

Euskal gastronomiaren munduan zer gertatzen den jakin nahi baduzu, leku egokira iritsi zara. Mantala Basque Gastronomy jaio da, ezagutza partekatuz eta lankidetzaren bidez euskal gastronomia sustatzeko. Basque Culinary Center-ek eta Hazi Fundazioak bultzatutako ekimena, euskal gastronomiaren elkargune digitala bilakatu nahi duena.

Baliteke zure buruari ondoko galdera egitea: Zer da euskal gastronomia deitzen diozuena, baina? Bada, bistakoa denez, ulertzeko ikuspegi eta modu ezberdinak daude. Mantala-n gure kultura gastronomikoa ulertzeko modu ezberdin horiek guztiak bildu nahi ditugu, ikuspegi tradizionalenetik berritzaileenera.

Baina geure ulertzeko modu propioa ere badaukagu, noski. Mantala-tik, disziplina honetako balio-katearen baitan gertatzen den guztia ulertzen dugu euskal gastronomiatzat: produktua, eraldaketa, balio erantsiko ostalaritza, turismo gastronomikoa eta nola ez, prozesu osoan parte hartzen duten pertsonak… bereziki, gazteak. Jakina, hori guztia euskal gastronomiaren berezko nortasun eta kultur funtsa ahaztu gabe.

Mantala-ren helburua euskal gastronomiak munduan duen kokapena indartzen jarraitzea da, lankidetzaren bidez. Horregatik, egitasmo berri honek sustatzaile eta kolaboratzaile ezberdinak biltzen ditu bere baitan, gure kultura gastronomikoaren garapena eta ospea sustatzeko helburuarekin.

Euskal gastronomia zer den zehaztea ez bada lan erraza, zer esan “garapen” edo “berrikuntza” bezalako hitz potoloei dagokionez. Zalantzarik gera ez dadin,  “garapen” gisa ulertzen duguna azalduko dugu: Mantala-rentzat euskal gastronomiaren ezagutza, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzen duen oro da garapena.

Elkargune digital berri honetatik abiatuko gara euskal ondare gastronomikoarekin loturiko proiektuak eta izaera berritzailea duten beste batzuk sustatzeko. Helburua euskal gastronomiaren balio identitario nagusiak modu dinamikoan eta etorkizuneko ikuspegiarekin ezagutaraztea da.

Nabaritasuna, bestalde, euskarri eta kanal ezberdinetan argitaratuko diren edukiekin eta komunikazio ekintzen bidez bilatuko da, batez ere hedabide digitaletan eta sare sozialetan.

Ez dugu komunikazio astuna egin nahi, euskal gastronomiarekin zerikusia duen guztiaren berri emango duen gaur egungo euskarria izan nahi dugulako. Horregatik, entretenitzen eta aldi berean irakasten duen hizkuntza zuzen eta gertukoa erabiltzen saiatuko gara. Euskal gastronomiaren munduan gertatzen dena erakustea da gure izateko arrazoia.

Halaber, ekimenaren helburuekin lotutako kalitatezko edukiak sortzeko kolaboratzaile sare bat sortzeko asmoa dugu. Badago publiko jakin bat maiz ahaztu egiten duguna, egueneroko eta kaleko hizkuntza erabiltzen duena. Horiengana iristeko ahalegina egingo dugu, gaur egungo gastronomiaren inguruko ezagutza duten kolaboratzaile gazteen bitartez. 

Mantala-ren ardatz nagusia komunikazioa izango den arren, beste ekimen batzuk ere garatuko dira helburuak indartzeko:  

  • Pertsonak: Zer litzateke gastronomia pertsonarik gabe? Ez begiradarik, ez keinurik, ez irribarrerik, ez ahotsik… Egitasmo honen bidez pertsonak eta haien jakintza, ezagutza eta esperientziak izango ditugu ardatz. Helburua komunitatea sortzea, aitortzea eta etorkizuna ikuspegi globalarekin interpretatzea izango da.
  • Euskadiko Mapa Gastronomikoa: Egitasmo honen bidez euskadiko tokian-tokiko produktu eta elaborazioen mapa bat marraztu nahi dugu, eduki berriak sortuz eta ezagutzaren transmisioa bermatuz. Mapa interaktiboa izango da, eta bertnn euskal ondare gastronomikoarekin lotutako guztia aurkitu ahal izango duzu.
  • Euskal Gastronomiaren Topaketa: Mantala-n guztia ez da digitala. Trago bat hartzeko, jateko edo besterik gabe hitz egiteko elkarrekin geratzea gustatzen zaigu. Are gehiago garai hauetan. Eta harreman fisikoa berreskuratu nahi dugu. Horregatik antolatuko dugu topaketa presentzial bat, sektorea indartu, hausnartu, etorkizuneko gakoak detektatu eta euskal gastronomiaren nabaritasuna lantzeko.

Publikazio berriak

Sukaldea
Jantokia
Upategia
Ganbara