Berriak

Mikel Corcuera zenari omenaldi gastronomikoa

Mikel Corcuera Ulacia kazetari gastronomikoa eta, besteak beste, Jakitea Elkarteko fundatzailea martxoan hil zen. Funtsezko ondarea utzi zuen atzoko, gaurko eta biharko sukaldaritza ulertzeko; eta bere ezagutza partekatu zuen sukaldari askorekin. Haietako batzuk Donostiako Aratz Erretegian elkartu ziren uztailaren 26an Corcueraren omenez antolatutako afarian.

Menua Las recetas del milenio (Recetas de leyenda eta Las mejores recetas de la historia izenburupean berreditatuak) liburuan oinarritu zuten, izan ere, entziklopedia gastronomiko horretan hildako kritiko eta kazetariak amaitzear zen milaurtekoko 69 errezeta garrantzitsuenak bildu zituen. 10 sukaldarik, gozogilek eta hornitzailek bertako errezeta banaren interpretazioa egin zuten. Gehienak klasikoak ziren, Lasarte-Oriako Patricio Pubeko Yon Pavonen eta Mirador de Ulia jatetxeko Ruben Trincadoren kasuan izan ezik. Biek, hitzordurako espresuki sortu zituzten beraien proposamenak.

Afariak hiru zati izan zituen. Hiru hasierakorekin ekin zioten: Pavónek prestatutako gazpatxo koktela, Donostiako Ezkurra jatetxeko Joseba Baldak egindako patata tortilla pintxoa, Comercial Aurkiko Kiko Agudoren Foie Gras terrina, eta bi zizka-mizka, Elena eta Juan Mari Arzaken krabarroka pudinga, Arzak jatetxeko laborategi buru Igor Zalakainek zerbitzatua, eta Trincadok sortutako patata mokadua hegaluze cevichea eta ganba kimuarekin.

Ondoren, Aldanondo jatetxeko Mikel Mayan eta Felix Manso Ibarla jatetxeko Felix Mansok egindako lehen plateren txanda izan zen. Lehenak, bullabesa edo arrain zopa kozinatu zuen liburuko errezeta jarraituta, azafraia edota laranja azala bezalako osagaiekin; bigarrenak, berriz, ajoarriero faltsua. Plater nagusiak, aldiz, Aratz Erretegiko Iker eta Xabier Zabaletak prestatutako txipiroiak tintan eta Lasarte-Oriako Txitxardin jatetxeko Segio Humadak egindako kailuak izan ziren.

Azkenik, postreak heldu ziren. Rafa Gorrotxategik egin eta Joanes Gorrotxategik aurkeztutako pantxineta eta euskal pastelak, eta Astigarragako Roxario jatetxeko Txaro Zapiainek prestatutako bizkotxo zati batez gozatu zuten mahaikideek.

Bastidako Mitarte Upategiak ardo beltz ondua, Zabala Sagardotegiak Euskal Sagardoa eta Oñatiko Murgialdai upategiak txakolina jarri zuten, eta Cafés Aitonak, kafea.

Sukaldariek euren platerez gain, Corcuerarekin izandako harremanaren zenbait bizipen partekatu zituzten. Baita Manolo Gonzalez editore eta gastronomoak ere, Corcuerarekin La Cocina Donostiarra edo Txakolina liburuetan elkarlanean aritutakoa, omenduaren bizitzaz eta zuten harremanaz hitz egin zuen. Halaber, hiru bideo labur proiektatu zituzten omenaldian ez zeuden hiru lagunen adierazpenekin: Eduardo Bueso gastronomoa, Juan Mari eta Elena Arzak sukaldariak eta Rafael García Santos kritiko gastronomikoa. Era berean, ekimena gidatu zuen ZUM Edizioakeko Josema Azpeitiak Corcuera hiltzean Felix Maraña idazle eta editoreak Ondojan aldizkarirako idatzitako poesia irakurri zuen.

Afari amaieran, omenduaren lagun handia zen Manu Mendez ardogileak aukeratutako ardo-kutxa eman zion Iker Zabaletak Mikelen alaba Ainhoa Corcuerari. Une hunkigarri horren ondoren, afariko partaideek talde argazkia egin zuten.

Publikazio berriak

Sin categoría
Sin categoría
Laborategia
Sukaldea mahaia kolektiboa