Berriak

Non gogoa, han txuleta

Esan daiteke Euskadin txuleta erlijioa dela. Batez ere parrilan. Egur edo ikatzean egina, plater beroan edo epeldu gabe. Gutxi egina, ahal bada odoltsua… Gustu guztietarako kontsumitzeko moduak daude. Ondo egina eskatzen dutenak ere badaude, izatez. Hor konpon! Norberak erabakiko nola dastatu nahi duen. Artikulu honetan haragi hornitzaile nagusien inguruan hitz egiten dizugu.

Asko dira urtean zehar Euskadin kontsumitzen diren txuletak. Beharbada ehunka mila, ez ditugu datuak. Erretegietan, sagardotegietan, jatetxeetan edo barra gainean, Donostiako Alde Zaharreko taberna mitiko batean gertatzen den bezala. Eta hain eskaera handiari erantzuteko, hornitzaileek jo eta fuego egin behar dute lan. Baina ba al dakizu zeintzuk diren Euskadiko txuleta-hornitzaile nagusietako batzuk? Hemen duzu zerrenda bat. Doala aurretik dauden guztiak direla, baina ez daudela diren guztiak.

TXOGITXU

Martutenen kokatutako enpresak 25 urte baino gehiago daramatza behi zahar eta lodien haragi gorriaren mozketa onenak eskaintzen. Imanol Jacak eta Jose Vidalek animalia onenak hautatzen dituzte, Galiziatik Europa Erdialdera, eta produktuen erregulartasuna lortzeko, bigarren aukeraketa bat egiten dute, bezero bakoitzari mozketa onenak emateko. Haragi gorriaz gain, euskal gastronomia ezagutarazten dihardu, erretegi onenen eta euskal sukaldaritza tradizionalaren mailako produktuak eskainiz.

CÁRNICAS GOYA

Abeltzain eta tratulari tradizioko familiak, haragi manipulazio eta banaketara jauzi egin zuen Ramón Goyak Tolosan irekitako behi-harategiarekin. Casa Julian erretegiko Julian Rivasekin batera, lehen idi-txuleta jarri zuen parrillan, garaiko joeren kontra. Denborak arrazoia eman zien eta haragi gorriaren maitaleek, eskerrak. Euren DNAri eutsi eta etengabe berritzen dira, uneoro bezeroen gustu eta beharrei egokitzeko, haragirik onenak eta kalitate gorena lortzeko tratamenduak bilatuz.

BASERRIA KM0

Baserriei eustea, larreak eta mendiak ondo mantentzea eta modu iraunkorrean jatea xede, belaunaldiz belaunaldi irakatsitako teknikekin hazten dituzten animaliak. Prozesu guztietan jasangarritasuna eta ongizatea bilatzen dute, kalitate goreneko haragia lortzeko, gutxieneko manipulazioa duena. Kooperatibak kalitatea zaintzen duten 300 abeltzain eta 75 teknikari ditu eta ekonomia zirkularra du ardatz.

DASTATZEN

Haragiaren sektorean egindako bide luzeari esker, Europa osoko haragi onena hautatzen aditua da Astigarragako Dastatzen taldea (bere baitan dago Iruki ere). Hastapenetatik bertako abeltzain eta nazioarteko hornitzaile onenekin lan egin dute, bezeroentzat kalitate onena lortuz. Animaliaren jarraipena egiten du hazkuntzatik, arraza eta genetika onenak hautatuz, haragiaren egoera egokia eta erregularra bermatzeko.

OKELAN

Okelan markaren atzean Gesalaga familia enpresa dago, Jose Cruz Gesalaga eta Arantxa Aizpuruak 1987an Zarautzen eratua. Otzarreta baserrian harategi batekin hasi zuten ibilbidea, eta 2017an marka sortu zuten jatorrizko negozio ildoari garrantzia eman eta gainerako produktuetatik bereizteko. Txarol arrazaren gurutzaketako 500 eme-buru baino gehiago dituzte, zereal eta larre autoktonoz elikatzen dituzte. Hainbat gama eta haragi berezi dituzte.

GUIKAR

Oiartzungo enpresak lau hamarkada baino gehiago daramatzate kalitate handiko behi-haragiak aukeratzen eta banatzen. Sektoreko enpresa liderren artean dago eta Estatuko erreferenteetako bat da. Kalitate bikaineko lerro egonkor bati eusteko, bertako eta Europako hainbat harategirekin lan egiten dute, batez ere, alemaniarrak, Europa erdialdekoak eta galiziarrak. Kalitate oneneko produktuak hautatzen dituzte, beti zapore eta testura aparta bermatzeko. Produktu guztiak 8 urte baino gehiagoko behi zaharrenak dira, ingurune egokietan hazi eta hil direnak.

CÁRNICAS ADURIZ

Lasarte-Oriako enpresak harategi produktuak banatzen ditu, batez ere, behi, ardi eta txerrienak. Duela hamarkada batzuetatik, Gipuzkoako harategi, jatetxe, catering enpresa eta saltoki handietako hornitzailea da. Kalitate oneneko haragiak aukeratzen dituzte ahosabai zorrotzenentzat, produktuei eta prozesuei etengabeko kalitate kontrolak eginez, kontserbazio eta zerbitzu onenarekin batera. Pieza osoak edo haragi erabat zatikatua eskaintzen dute, bezero bakoitzaren lehentasunen arabera.

Publikazio berriak

Laborategia
Sukaldea mahaia kolektiboa
Sukaldea
Sukaldea