Proiektuak

Pertsonak

Pertsonetara itzuli

Borja López Pardo

Nekazaria

Bilbo,1979


Nekazaritza ekologikoaren sektorean egiten du lan. Bere produkturik adierazgarrienak, honako hauek dira: Zallako tipula morea, Nabarnizko arbia, Enkarterriko babarruna, La Barrancako piperra edo betiko txorizeroa izenez ezaguna dena.


Nekazaritzarekiko dedikazioa txikitatik datorkio: “Enkarterrietatik hirira joan ziren lehen belaunaldiaren semea naiz”.

Nahiz eta ekonomia ikasten hasi, ez zitzaion gustatu eta Derioko Nekazaritza Eskolara joan zen 1999an. Basozaintza ikasi nahi zuen. Hain zuzen, bere espezialitatea zuhaitzen prozesatzailearekin lan egitea zen, eta eskola berean jarraitu zuen prestakuntza mota hori irakasten. Baita Hazi Fundazioarekin lankidetzan ere.


“Nekazaritza ekologikoan lanean aritzeko ideia hor bururatu zitzaidan. Beste aukera batzuk ere bazeuden, baina horra jo nuen. Lehentasun handiagoa eman nion landari, hotel bat kudeatzea litzatekeen aisialdi sektoreari baino: gehiago gustatzen zitzaidan aitzurrarekin aritzea hotel batean jendearen aurrean egotea baino. Horixe baitzen amonarekin txikitatik ezagutu nuena”.


Hori zela bide, nekazaritza ekologikoaren bideari heldu zion eta hastapenak ongi gogoan ditu Lopezek: ekologikoan sortutako produktu-sortak egiten zituen. “Hala, jatetxeei saltzen hasi nintzen”. Horrek ‘Slow Food Bilbao Bizkaia’ taldearekin harremantzera bultzatu zuen. “Jatorrizko haziak baitzeuzkan”, azaldu du bilbotarrak. 

Honela hasi zen jatetxeekin harremana, barazki zaharrak berreskuratzeko eta goi sukaldaritzarako barietateak biltzeko xedez. Gaur egun ere horretan dihardu buru-belarri: “Sukaldariekin harremana oso zuzena da, eta antzinako nekazaritza ekologikoa eta modernoa probatzen ari gara”.


Josean Alijarekin, adibidez, urte osoko plangintza egin du, “bere beharretara iristen saiatzeko”. Gauza bera Alvaro Garrido sukaldariarekin, “egiten dugunari balioa ematen baitiote”, dio bilbotarrak.