Proiektuak

Pertsonak

Pertsonetara itzuli

Eugenio Arriaga

‘Betizu’ eta ‘Terreña’ arrazen abeltzaina

Zaratamo, 1962

‘Terreña’ eta ‘Betizu’ bertako behi-arrazak berreskuratzen hasi zen Braulio Arriaga anaiarekin batera. Biak suhiltzaile aritu dira lanean eta abeltzaintza izan dute zaletasun beti.

Gurasoek Arrigorriagako baserriko produktuak etxez etxe saldu izan dituzte. Bi anaiak 25 abelbururekin hasi ziren 1989an, eta gaur egun buru-belarri jarraitzen dute zaletasun gisa. Bizkaiako Foru Aldundiaren diru-laguntza batzuei esker ekin zioten, hain zuzen ere, Europako proiektu batetik zetorren dirua zela medio. Hala, ‘Betizu’ arrazaren hazkuntzarekin hasi ziren, eta, handik gutxira, ‘Terreña’ arrazari ere heldu zioten.


Arriaga Bizkaiko ‘Slow Food’ elkarteko kide dugu, eta egungo arrazen ekoizpena “galtzen” ari dela dio. Hori dela-eta, bi anaiak animalia mota horiek berreskuratzen ari dira pixkanaka-pixkanaka. “Denetarik egin dugu arraza hobetzeko, tartean, zailena, enbrioi-transplantea”. Bigarren ukuilua ere badute, hain justu, Amorebieta-Etxano herrian. Bertan arrak eta emeak banaturik dituzte.

“Sei edo zazpi hilabeterekin sakrifikatzean datza gure sistema. Normalean martxoan edo apirilean jaiotzen dira, eta urrian edo azaroan, amarengandik kendu ondoren, hiltegira eramaten ditugu. Hori da gure lan egiteko modua”, zehaztu du bizkaitarrak.


Honez gain, zezina ere badute, hiru eta lau urte bitarteko animalien atzeko zatiekin egina; baina beti arazo bera izan dute: prozesua ez da errentagarria eta bezeroak ez du produktua baloratzen. 

Urteko ekoizpena gaur egun Artxandako sukaldaritza eskolan eta jatetxe batzuetan saltzen dute, pieza oso edo erditan.  Nolanahi ere, Arriagak ez du ongi ikusten abeltzaintzaren etorkizuna: “Gero eta gutxiago dira hortik bizi direnak. Kopuru handia dutenak agian, bai, baina gaur egun jendeak gero eta gutxiago kozinatzen du etxean; telebistan sukaldaritzako programa asko daude, baina gero ez dute praktikan jartzen”, dio.


COVID-19a dela-eta, eguneroko gastronomia “sufritzen” ari dela ikusten du, eta bere proiektua ez datorrela horrekin bat, ez baitute bere produktua baloratzen. Dena den, argi du bere leloa “kalitatea” dela, “prezioaren gainetik”.