Proiektuak

Pertsonak

Pertsonetara itzuli

Felix Ajuria Otxandiano

Gaztagilea

otxandiano, 1970

Ekosistemetan espezializatutako biologoa dugu. Irakaskuntzan aritu zen EHNE sindikatuan sartu aurretik. Hainbat gaitan teknikari gisa lan egin du sindikatuko Euskal Herriko konfederazioan. 2000. urteaz geroztik, ‘Kerixara’ gaztandegiko zuzendaria da bere anaiarekin batera. Gaur egun ‘Idiazabal’ Jatorri Deiturako presidentea dugu.

Felixek dio sektoreak “ilusioz beteriko unea” bizi duela. Ingeniari, agronomo ugari daudelako artzain; ingeles filologia ikasi duen artzain baten kasua ere jarri du berak adibidetzat. Badira gazteak sektorean, eta berrogei urtetik beherako profil berri batekin, gainera. Honek guztiak lan egiteko beste modu bat ere ekarri du. Horietako asko Arantzazuko (Gipuzkoa) Gomiztegiko artzain eskolatik atera dira azken hamarkadan.

Egiten duten artisau-produktua erakargarria eta aberasgarria da, eta kontsumitzaileak erantzun ona ematen du. Hala, gora doaz salmentak eta euren negozioen errentagarritasuna ikusten dute.

Izan ere, Idiazabalek, kolektibo gisa, ibilbide oparoa du: hogeita hamar urteko ibilbide luzea dute, hasieratik ardi Latxaren esne-gaztak eginez. Baita ingurua zainduz artzaintzaren ondarearekin ere. “Hori guztia tinko mantendu behar dugu”, gehitu du Felixek.

“Sektore prestatuagoa, dinamikoagoa eta gazteagoa dugunez, erronkak gustatzen zaizkigu, eta horrek aberastu egiten gaitu, kontsumitzaileari produktu berriak eskaintzeko”, aurreratu du. “Hemendik aurrera gazta berriak ikusiko dituzue, orain arte egindakoa baloratuz eta Idiazabalek dibertsifikaziorako ematen digun indarrarekin”.

Alde batetik, artzain honek euskal gastronomia “indar handiz” ikusten du, hainbat sukaldaritza eskola eta Basque Culinary Center ezagutzeko aukera izan baitu. “Lan handia egiten ari dira arlo horretan”, azpimarratu du. Hori dela-eta, sektorea “indartsu” aterako delakoan dago, “oinarri sendoarekin”.

Bestetik, ordea, Ajuriak ‘Idiazabal’ gaztaren presentzia “txikia” ikusten du jatetxeetako kartetan: “Honen inguruan gauza gehiago egin beharko lituzkete, aukerak badaudelako”. Horrengatik guztiagatik, gaztaren presentzia handiagoa izatea gustatuko litzaioke oro har eta zehazki jatetxeetako plateretan.