Ingeniari tekniko agronomoa dugu, bai ikasketaz, bai konbizkioz. Bizkaiko ‘Itsasmendi’ txakolin-upeltegia kudeatzen du egun.
Lurrarekiko maitasuna mamitu du. Izan ere, lorezaintzako irakaslea izan da Itsasmendikoin, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoko landa eremuen prestakuntza, sustapen eta garapen integraleko zentroan. “Mundu naturalari lotutako pertsona naiz. Nire etxean nekazaritza eta esne-abeltzaintza izan dira osaba-izeben aldetik, eta beti pentsatu izan dut duintasuna eman behar zitzaiola eraman zuten bizimoduari”, dio urte horiek gogoan. Beti izan du helburu hori buruan. Baita txakolin ona egitea ere.
Gainera, xehetasun osoz gogoratzen ditu hastapenak: “Mahastizaintzan ari naiz orain, baina zirkunstantziala izan da. Karrera amaitzerakoan, administrazioak kontratatu ninduen aukeraketa masal bat egiteko, ‘Hondarribi zuri’ mahatsaren fenotipoa Bizkaian eta Gipuzkoan. Hiru urtez egon nintzen lurraldeotako instalazio guztiak bisitatzen, eta hor sartu nintzen harremanetan mundu zorraragarri honekin”.
Honez gain, pertsona “geldiezina eta berritzailea” dela dio: “Begirada irekia izan dut. Frantziako edo Alemaniako eremu entzutetsuak bisitatu ditut eta euskal lurrera egokitu nahi izan dut, jatorrian eta lurraldean oinarritutako produktua ateratzeko”.
Riosek iraganari buruz egindako hausnarketetan, ongi gogoan ditu ‘Itsasmendi’ upeltegiaren hasi-masiak: “Elkartea hainbat inbertitzaileren artean eratu genuen, eta prozesua kolektiboki hazi da, lankidetzaren bidetik. ‘Babes-markak’ garrantzitsuak iruditzen zaizkit guztion garapenerako eta prestigiorako”, dio. Hori guztia oinarrituta filosofia komunean eta kudeaketa integralean, upeltegiaren eraldaketa globalaren ikuspegia izateko: “Lurrak alokatzen joan ginen eta Neiker edo Hazirekin lankidetzan aritu ginen. Horiekin garatu dugu azterketa mota bat eta gauzak egiteko modua”.
Txakolinak jatetxeetako kartetan duen presentziari dagokionez, mahastizain honek azpimarratu du “aurrera” egin duela: “Bizkaian lehen ez zegoen ia jatetxeen kartan. Gipuzkoan, aldiz, bai, Frantzia hurbil dagoelako”.
Euskal gastronomiari buruz ere hausnartu du bizkaitarrak, eta honakoa esan: “Une pribilegiatuan gaude, ardo zurien salmentaren gorakadaren ‘booma’ dagoelako; potentzial handia dugu, baina arazoa profesionaltasuna dugu”.
Hala, lanbidea “duintzea” da erronka, santutxuar honen aburuz: “Hobetu beharreko alderdi asko daude, motibazioa edo prestakuntza, adibidez”. Eta bere ametsen artean da taldearen asebetetzea eta denboran iraungo duen enpresa osatzea: “Hogeita bost urte besterik ez daramatzagu. Upategi gaztea gara”.