Proiektuak

Pertsonak

Pertsonetara itzuli

Iker Díaz de Cerio Hernáez

APRORAko presidentea

Gasteiz, 1977

APRORA elkarteko buru dugu 2018tik. Xede argia du taldeak: olibondoaren kultura Euskadin zabaltzea eta honen laborantzari balioa ematea.


Nafarroako Unibertsitatean nekazaritza eta ingurumen biologiako ikasketak egin zituen, eta lan-ibilbidea ugaria du oso: NEIKER, Hazi Fundazioa edo Gipuzkoako abeltzaintza ustiategiak, besteak beste. 

Hain zuzen ere, gasteiztar honen olio-ekoizpen hastapenak Aitor Marauri bazkidearekin izan ziren. “Tolosako ‘Fronton’ jatetxeko Roberto Ruiz bezalako jende interesgarriarekin elkartzeko aukera izan genuen, eta harekin batera Arabako Errioxako olioaren festa egin genuen. Horren guztiaren ondorioz, olioaren mahaia osatu zuten, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Hala, nirekin harremanetan jarri ziren, hasiera batean teknikari gisa aritzeko, eta aurrerago ‘Oleum’ proiektuaren koordinatzaile gisa”, azaldu du.

Aldi berean, beste zaletasun bati heldu zion Díaz de Ceriok, ardoari, alegia. 2008ko krisi indartsuaren etorrerarekin, gainerako proiektuekin jarraitu arren, olioak “hauspo pixka bat” galtzen zuela ikusi zuen, Arabako Errioxarekin harreman handia zuelako. Hori zela kausa, APRORA sortu zuten sektorea geldi ez zedin, ikusgarritasuna emateko, eta prozesuak eta kalitatea hobetzeko. “Nire burua boluntario aurkeztu nuen Jorge Martinezen laguntzarekin, produktuarekiko eta gure gastronomiarekiko dudan pasioarengatik. Hark egiten ditu garapenerako gerentzia eta teknika lanak”. 


Hala, produktua gero eta ikusgarriagoa da, zirkuitu komertzialari begira dago eta asmo handiagoko beste erronka batzuk ezartzen ari da, hala nola ekologikoan ekoiztea. Gainera, hori guztia olio-zaintzailearen lana hobetzeko ekimenak bultzatuta, bai inausketan, bai oliba-bilketan. Izan ere, xedea ere bada aromak eskuratzeko prestakuntza ematea. Betiere, noski, oliba olio birjin estraren  komertzializazioan eta banaketan laguntzeko.

Olioa ekoizten duten olibak batez ere ‘Arroniz’ barietatekoak dira, hain justu, eta indarguneak ez dira barietatean oinarritzen, produktuan baizik. “Ez dugu bolumen handirik, ezta beste leku batzuetan bezala barietate gehiagotara handitzeko beharrik ere; sinesgarritasuna galduko genukeela uste baitugu. Prozedura mekanikoen bidez eskuratzen dugu produktua, eta hartzen dugunetik dolarean sartzen denera arte, ez da inoiz 24 ordu baino gehiago igarotzen”. 


APRORAk ostalaritzarekin duen loturari dagokionez, arabarrak honakoa dio: “Sukaldari handi batzuek baloratzen eta erabiltzen dute, eta beste batzuek, ordea, ez dute ziurtasunik existitzen garenik ere”. 

Produktua hainbat lideren bitartez banatzen dute, baita Euskadiko delicatessen dendetan ere. Helburua nagusietakoa ere bada Arabako Errioxa bisitatuko duen ikusle gehiago egotea, urre likidoaren prozesua bertatik bertara ikusteko.