Proiektuak

Pertsonak

Pertsonetara itzuli

Iñaki Txueka Isasti

Enologoa eta ardogilea

Getaria, 1953

‘Txomin Etxaniz’ upeltegia zuzentzen du Andres eta Ernesto anaiekin batera. ‘Getariako Txakolina’ Jatorri Deitura garatzen eman du bizitzaren zati handi bat. Jardun hori lan politikoarekin uztartu du beti.


Hainbat ofizio dituela dio, eta ardoarekin zerikusia duena aitarengandik datorkio: “Bizizalea eta indar handiko gizona”, azpimarratu du. “Aitzindaria izan zen txakolina merezitako leku batean jartzen, lokalismotik irtenda, eta ‘Hondarribi zuri’, ‘Hondarribi beltza’, eta ‘Champagne’ eskualdetik datorren ‘Chardonnay’ mahats barietateak landu zituen”.

Getariarra kimika ikastera joan zen 90eko hamarkadan, Madrilen jasotako beka batekin, hain justu. Berebat, garai hartan Venezuela oparora bizitzera joatea ere pentsatu zuen. Baina familiaren upategian laguntzeko eskatu zioten Andres eta Ernesto anaiek.  “Orduan erabaki nuen buru-belarri sartzea, aitak egindako bideari jarraitzea eta mahats barietateak sustraitzea”, gogoan du. 

Hotzaren prozesuak, ezaugarriak, elaborazioa eta kupel inoxidablearen ekarpena garatu zituen. “Oso garrantzitsua izan zen garapenerako Xabier Irulegiren eta Jose Manuel Goietxearen laguntza morala. Izan ere, haiekin batera hasi ginen ‘marka’ finkatzen”.

Garaiotan Gipuzkoan 19 hektarea zeuden, hain zuzen, eta ‘Txomin Etxaniz’-en lau zituztela gogoratzen du. “Europar Batasunean sartzeko urteak ziren, eta hor ikusi genuen jatorrizko deitura bat sortzeko beharra. Espainiar Gobernuak ez zuen ulertzen hain lurralde gutxirekin jatorrizko deitura egin nahi genuenik, baina 1986an, hiru urte geroago, lanean hasi ginenok fruituak eskuratu genituen”. Hala, 12 upategi zeuden Getaria eta Zarautz artean banatuta.

Urte horietako lan hura Eusko Alderdi Jeltzalearen bozeramailetzarekin konbinatu zituen. Baita Espainiako Estatuko hiriburuan zortzi urtez legebiltzarkide eta Europar Batasuneko senatuan ere: “Gaztea nintzen eta indartsu nengoen”, dio gipuzkoarrak. Hainbat garai igaro zituen, eta horietako bat amaitu bezain laster upategira itzultzen zen. Hala heldu zen Getariako Txakolinaren Jatorri Izendapeneko lehendakari izatera.

Orain erretiratuta dago, eta atzera begiratuta, txakolinaren bilakaera ona ikusten du: “Sektorea oso irekia izan da eta inguruneak asko bultzatu du, guztion artean elkarri lagunduta”. Era berean, ardo zuri gazte honen prestigioan lagundu duten sukaldarien babesa baloratu du. Hala, etorkizun oparoa ikusten du, eta nahiz pertsonal espezializatuaren faltak kezkatzen duen, honakoa dio: “Gure upategian hurrengo belaunaldiak jarraitu du, hainbat roletan lana banatuta”.