‘Akebaso’ jatetxeko zuzendaria
Amurrio, 1979
Atxondoko ‘Akebaso’ jatetxeko maitrea da. Zazpi urte daramatza Fernando Canales sukaldariarekin proiektuan. Bertako sukaldaritza egiten dute.
Sektorean 16 urte zituela hasi zen lanean: “amak Amurrioko jatetxean egiten zuen lan, zerbitzari gisa. Hasieran proba gisa hasi nintzen, ez bainekien ezer askorik gastronomia-munduaz”. Hala, asteburuko lan hori idazkaritza eta nazioarteko merkataritza ikasketekin uztartzen zuen, hain justu.
Bi bideen artean bakarra aukeratzea gomendatu zioten gurasoek, eta ostalaritzaren aldeko apustua egin zuen. “Ez dut nire burua bulego batean ikusten, eta 25 urterekin Fernando Canalesen eskaintza etorri zitzaidan. Lehendabizi ‘Gilda’ jatetxean hasi nintzen. Gero ‘Arboleda’ jatetxean, arduradun gisa. Orain zazpi urte daramatzat ‘Akebaso’ jatetxean, zuzendari gisa, ‘Euskalduna’ Jauregiko jatetxetik igaro ondoren”, azaldu du.
Gastronomiak izandako aldaketei dagokienez, bere lan-ibilbidean atzera begiratu du zuzendariak. Bere iritziz “sasoi onean eta beste kontzeptu batzuen ekarpenekin” dago euskal sukaldaritza. Euskal Herriko jatetxeetan egiten den “sormena” ere baloratu du.
Jangela-zerbitzuaren gaian sartuta, amurriotarrak dio garai batean zegoen errespetua “galdu” dela, eta beste garai batzuetan baino bezero zorrotzagoak daudela. Gainera, uste du “zerbitzu ona” ikusteko “izar edo ospe handiko jatetxe batera” joan behar dela, nahiz eta Bilbon “oraindik ere bezeroa zaintzeko xarma hori mantendu”.
Azkenik, etorkizunari dagokionez, Luengoren aburuz sektorean “profesional gehiago” behar dituzte, “esperientzia hobetzeko”.