Proiektuak

Pertsonak

Pertsonetara itzuli

Jesus Garate

Baserritarra

Izurtza, 1971

‘Sasi’ eta ‘Latxa’ arrazetako ardiak hazten ditu. Baita oiloak eta txerriak ere. Gurasoengandik ikasitako lana du, eta ogibidea partekatzen du eurekin, emaztearekin eta hiru anai-arrebekin ‘Mañondo’ izeneko ustiategian. 


Bost senideek ogia eta gazta egiten dute, lehenago aipatutakoan aritzeaz gain. Lan hori guztia Durangaldeko hiru dendatan eskaintzen dute, hain justu. Bertan saltzen dituzte ardi-gazta, behi-haragia eta baratzean landutako barazkiak.


Zera dio Garatek ostalaritzarekiko harremanari buruz: “Herrietako azokaren munduaz gain, oso lotura txikia dugu jatetxeekin, ez baitute bertako produktuekin lan egiten. Errazagoa zaie elikagaiak erostea ‘Makro’ edo ‘Mercabilbao’ bezalako saltoki handietan, eta hori da ostalaritzaren alderik itsusiena”.

Zergatiak aztertu eta arazoa ekonomikoa dela dio, ”baina ez dakit zehazki zergatik gertatzen den. Edozein baserri ekologikotatik ateratzen den produktuak ez du zerikusirik saltoki handietan saltzen diren elikagaiekin. Kalitateari dagokionez, guztiz desberdinak dira”. Gainera, bizkaitar honek kritikatu du baserritar batzuek jendeari saltzea eurek kontsumitzen dutenaz bestelako produktu bat, negutegi handiak erabiltzeaz gain. “Nire kasuan, kontsumitzen dudan generoa dastatzen dute bezeroek”.


Garatek dio jorratu beharreko gaia ere badela jatetxeetako produktuen banaketa hobetzea. “Ez dugu harreman handirik dendetara elikagaiak banatzen dituzten enpresekin. Gure apustua etxeko produktuak saltzea da, horregatik eskaintzen ditugu baserrian. Ostalarien kasuan, nahiago dute banatzaile bakarra izatea, atez ate joatea baino”, azaldu du. 


Etorkizunari begirako erronkei dagokienez, esan du ez duela helburu zehatzik, nahiz eta agian gustatuko litzaiokeen animalia gehiago edo azpiegitura hobeak izatea: “Azken finean, makinak behar ditugu gure lana egiteko. Ahalegin handia egiten dugu egonkortasuna lortzeko”, azpimarratu du une oro motibatuta egon beharreko familia-negozio txiki honetako baserritarrak.