Proiektuak

Pertsonak

Pertsonetara itzuli

Joana Tello Bilbao

‘Barrenetxe’ kooperatibako barazki-komertziala

Florida, Ameriketako Estatu Batuak, 1986

‘Barrenetxe’ kooperatibako burua da eta, aldi berean, komertzial-lana egiten du nekazari profesionalek osatutako kooperatiba honetan.


Tellok gogoan du merkatuarekiko harremana uda garaian hasi zuela, bertako postu batean lanean, hain zuzen ere, enpresaritza ikasten ari zela. Gero ‘Barrenetxe’ kooperatibako hainbat ataletan aritu zen, hala nola administrazioan edo biltegian, harik eta bazkide izatea proposatu zioten arte, bere saltzeko gaitasuna ikusita. Zehazki, merkataritza-arloan kokatu zuten. 

Kooperatiba Mondragon Korporazioaren barruan da eta 1980an sortu zuten, hain justu, produktuen uzten salmenta antolatzeko eta planifikatzeko. Horretarako, programa bat egin zuten, lehengaia errazago merkaturatu ahal izateko, eta zenbatekoa izan behar zuen nekazari bakoitzaren ekoizpena jakiteko salmentaren arabera. 

Pixkanaka, lursailetan inbertitu zuten, negutegiak erosi eta taldea hezi zuten. “Beti izan dugu oso argi bertako barazkiak ekoitzi nahi ditugula, eta horretarako, oso garrantzitsua iruditzen zaigu produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko gaitasuna gure esku egotea. Lantalde bat osatzen dugu eta baserritarren laguntzarekin kate hori guztia aurrera eramaten dugu. Hori da gure ezaugarri berezia”.

Hala, 41 urte daramatzate merkatuetan lanean eta oztopo guztiak gainditzen, berez zaila den sektore honetan. Gazteak animatu nahi ditu Tellok, badakien arren kostuen konplexutasuna zein den edo galderaz beteriko etorkizuna dugula aurretik datorren krisiarekin. Hala ere, argi dauka zutabeak hauek izan behar dutela: bizitza duina izatea, lan-baldintzak hobetzea eta gizarteari erakustea nekazaritzaren sektoreak duen garrantzia.

Elikagaiak etxetik gertu edukitzeko ideiari eusten dio komertzialak, hirugarren bitartekari edo enpresa baten mende ez egoteko. Balio hori transmititzea erronka bat da, ez bakarrik produktuak duen prezioagatik, asebete dezakeenagatik baizik.

‘Barrenetxe’ kooperatibak salmenta handiena web atariaren edo beste merkatu zentral batzuen bidez egiten du, hala nola Madrilen edo Bartzelonan. Eta ostalaritzarekiko harremanari dagokionez, bere eskualdetik gertu daudenekin bakarrik du harremana Tellok. 

Hausnartzen hasi eta sektorean gehiago sartu ahal izatea amesten du, baina “zail” ikusten du, ordea, prezio txikiagoekin lan egiten baitute, “eta askok ez baitaude prest gure produktuengatik eskatzen duguna ordaintzeko”, gaineratu du.

 
Euskal gastronomiari dagokionez, “oso une onean” dagoela dio: “Etxeetan janaria prestatzeko grina, familiarekin eta lagunekin egunero izaten ditugun elkarrizketen parte izatea, mahai baten inguruan egiten direnak, Euskal Herria bisitatzeko aitzakiarik onena dira”. 

Nolanahi ere, sumatzen du bertako produktuen aldeko apustu handiagoaren falta: “Ostalaritzan gehienetan kanpoko produktuekin lan egiten dute eta gure produktuak zati txiki bat dira”. Honenbestez, oso garrantzitsua iruditzen zaio Tellori “hemengoa zaintzea”, eta, horretarako, beharrezkoa da “guztion parte-hartzea”.