
Baserritarra / Sagardogilea
Astigarraga, 1944 / Astigarraga, 1979
Astigarragako ‘Zelaia’ upeltegia kudeatzen dute aita-alabek. Jose Antonio aitzindaria izan da sagar edari preziatuak izan dituen prozesuetan. Oihana, berriz, etxean ikasitako ondarea jarraitzen duen hurrengo belaunaldia dugu, Maialen eta Jaione bere ahizpekin batera.
Jose Antonio Gaincerainek gogoan du joan den mendeko berrogeiko hamarkadan izebek sagardoa saltzen zietela baserri aurretik pasatzen zirenei edalontzietan eta pitxerretan.
Soldaduskatik bueltan, lagun batek konbentzitu zuen bertan behera uzteko behiak hazteko lan gogorra. Izan ere, horrek zailtasunak zekartzan, eta horregatik sagardoa egiten hasi zen.
Berrogeita hamarreko hamarkada inguruan arazoren bat izan ostean ekin zion sagardogintzari: “2.000 litroko barrika batekin abiatu ginen, eta ondoren 25.000 litro inguru ekoizten hasi ginen”, azaldu du. Sagardoa batez ere Hernaniko elkarte gastronomikoetan, saltzen zuten taberna batzuetan eta partikularrei. Anekdota gisa, azpimarratu du elkarte batek 12.000 botila kontsumi zitzakeela urtebetean, eta gaur egun, ordea, 3.000 inguru direla.
Garaiotan merkaturatzea litro-botiletan egiten zuten, eta elkarteek pertsonalizatuta zituzten botilak. Gero, cava botilaren formatura pasa ziren, zegoen kontsumo handiagatik. Botilak Gabonetan eskuratzen zituzten, hain justu: “Ia bilketa bat zen hura, ez baitzegoen hainbeste”, dio. Eta gaur egungo eredua martxan jartzeko, formatu hura erosteko laguntza eman zitzaien. “Aurreko urtean saldutako kopuruaren arabera, zegokigun laguntza ematen ziguten”. Gipuzkoarrak dioenez, Pedro Mari Goikoetxea Eusko Jaurlaritzako nekazaritza arduradun politikoak bultzatu zuen formatu berria.
Elikagai-merkataritzako salmentei dagokienez, ‘Eroski’ kooperatibak asko bultzatu zuela dio. “Apustu handia egin zuten”. Aldaketa handiko urteak izan ziren horiek; izan ere, alde batetik, sagarren ekoizpenak gora egin zuenez, Galizia edo Asturiastik fruta ekartzen hasi ziren, eta antzinako tolareetan prentsatzen ere bai. “Normandiatik 50 urte daramatzagu sagarra ekartzen, Gipuzkoako Sagardotegien Elkarteak eta Pascal Mitxelenak lagunduta”, azaldu du.
Urte horien inguruan honakoa gehitu du baserritarrak: “Miguel Zapiainek eta biok sagarrak garbitzeko sistemak ikusi genituen Alemanian, eta prozesu horiek sartzeak zaporea aldatzea eragin zuen, lehen azidoagoak baitziren. Publikoari kostatu zitzaion aldaketa horretara egokitzea. Orain sagardoak erraz edaten dira eta Fraisoro Nekazaritza Eskolak ere produktua hobetzen lagundu du”.
Eboluzio-ildo horretan, prentsa neumatikoak etorri ziren, errendimendu txikiagoarekin eta muztioaren kalitate hobearekin, horrek ere saihestu zuen beroarekin ozpintzea. Etiketa 1986an sartu izana beste mugarri bat izan zen, baina elkarte gastronomiko batzuek ez zuten onartu: sektorean sinadura bilketa ere egin zuten horren aurka. Nolanahi den, horrek guztiak salmenta eta banaketa handitzea eragin zuen.
Sagardoak gastronomiarekin duen harremanari dagokionez, Oihanak ikusten du sagardoaren kontsumoa lotuta dagoela euskaldunon izakerarekin, kulturarekin eta folklorearekin: “Garrantzi txikiagoa eman zaio jatetxeko mahai-edari gisa, edo ez da eskutik helduta joan; balioa ematea falta da hortara iristeko. Zaila ere izan da ezkontza moduko ospakizunetan sagardoa eskaintzaren parte izatea. Orain lanean ari gara etorkizunean kalitatezko produktua botilan kontsumitu dadin”.