Proiektuak

Pertsonak

Pertsonetara itzuli

Jose Manuel Olano Imaz

Harakina

Beasain, 1964

‘Olano’ harategia kudeatzen duen bigarren belaunaldia dugu. Hamalau aldiz irabazi du Beasaingo odolki lehiaketa; jarraian, azken zortzi urteotan.


Harakin lanetan hasi zen egun batetik bestera, “xerra bat mozten jakin gabe”, dio, bat-batean hil zitzaiolako aita, Andrés Olano, herriko ‘matarife’ ezaguna. Negozioa familiartekoa izan da beti, bere amarekin, Isabel Imazekin batera kudeatu baitu. Baita leku berean egon ere.


Ospeak odolki-ekoizpen handia eman die, eta euren filosofian beti egon dira bertako osagaiekin egindako produktuak. Hala, odolki ospetsuak bertako porruarekin eta Basetxerriko txerriarekin egiten dituzte. Bertako behi-haragia ere saltzen du %100. ‘Charoles’ arrazako animaliak ditu, hain zuzen ere, eta Fraisoro Nekazaritza Eskolako irakaslea den Peio anaiarekin batera hazten ditu.


Berrogeita hemeretzi urteko ibilbidearen bilakaeraren balantzea egin du beasaindarrak: “Garai batean, askoz produktu gehiago ikusten zen piezetan kontsumitzailearen erosketan, janaria prestatzeko. Gaur egun, ordea, prestatutako beste produktu batzuk erosten dituzte. Horretan aldaketa handia egon da, salmentak beste bide bat hartu du”, zehaztu du harakinak.


Ostalaritzarekin oso harreman ona duela dio, eta bai tokiko, bai Estatuko jatetxeetan banatzen dute produktua. Salmenta hori zaila da oso, banatzaileek eskaintza zabala baitute, dagozkien prezioekin merkatu asetu batean.

Euskal gastronomiari buruz duen ikuspegiari dagokionez, Olanok “oso maila onean” ikusten du, baina zalantzan da bertako produktuari establezimenduetan ematen zaion arretari buruz.