Proiektuak

Pertsonak

Pertsonetara itzuli

Jose Pablo Larrea Agirre

‘Harakai’ kooperatibako komunikazio-arduraduna

Andoain, 1962

300 baserritarrek eta 70 langilek osatutako Euskal Herriko haragi-kooperatiba handieneko komunikazio-arduraduna dugu. Behiak hazteaz gain, arkumeak eta txahalak  saltzeko prozesua ere kudeatzen dute.

Bere lan-ibilbide luzea albaitari gisa hasi zuen, bederatzi urtez komertzial izateaz gain. ‘Santuario de Arantzazu’ jatetxean beste bederatzi urte eman ostean, gaztaren munduan murgildu zen ‘Gomiztegi’ Artzain Eskolari esker. Hala landu zuen ardi latxaren esnearekin egindako gaztak identifikatzeko eta saltzeko prozesua. 

“Ondoren ‘Urkaiko’ kooperatibako etapa etorri zen zazpi urtez, eta I+G arloan hasi nintzen lanean, ‘Urkaiko’ ‘Harakai’ kooperatibarekin bat egin ondoren. Orain, ordea, komunikazio munduan murgilduta nago”, dio gizon polifazetiko honek. Hala, supermerkatuekin batera egindako urrats handiak gogoratu ditu: 2009. urtean ‘Eusko Label’ zigilua zuten lehen hanburgesak egiten hasi ziren, esaterako. 

Produktuak ostalaritzarekin duen harremanari dagokionez, Larreak azpimarratu du bideratuta dagoela “oso oinarrizko salmentara” eta “oso jatetxe gutxira”. “Ez da gure kanal nagusia”, gaineratu du. Izan ere, jatetxe eta tabernetako banaketa-ordutegia goiztiarra eta murritza da. Hori da ostalaritzarekin duten harremanaren arrazoietako eta zailtasunik handienetakoa, hain zuzen. “Normalean jatetxeak itxita egoten dira”.

Beste arrazoia prezioa da, andoaindarrak zaila ikusten baitu lehiatzea batez ere eguneko menura zuzendutako lokaletan. “Gustura egiten dugu lan, aldiz, kalitatearen eta prezioaren oreka bilatzen duenarekin”.


Behi-txuleta dute, hain justu, jatetxeetako eskaintzan gehien errepikatzen den produktua. “Nahiz eta gehien ekoizten dugun mozketa ez izan, ‘TxuletON. Baserria KM0’ proiektua aurrera eramaten dugu. Bertan modu berezian hazitako Piriniar edo Terreña arrazetako behi-haragia jartzen dugu jatetxearen eskaintzaren barruan. Haragi berezia da eta kopuru txikia dugu, baina jatetxe asko proiektuaren parte dira. Mahai gainean eskaintzen den behiarekin dokumentu txiki bat ateratzen dute, animaliaren informazio guztiarekin eta QR kode batekin”.


‘Harakai’ kooperatibaren erronka nagusiei dagokienez, honakoa dio Larreak: “Helburu nagusia sistema mantentzea da, kooperatibak 300 baserritarren egiturari eusteko lan egiten du batez ere. Gainera, tokiko produktuari eta haren errentagarritasunari bereizketa bat egitea, lortu nahi dugu, aurrera jarrai dezagun. Tokian tokikoaren alde egitea jasangarritasunaren aldeko apustua egitea da, eta askotan ez gara konturatzen erosten ditugun produktuen arabera jakin dezakegula zein sistema suspertzen dugun”.