
Nekazaritza ingeniari teknikoa eta sukaldaria
Arrasate, 1954
Uranga aitzindaria izan da nekazaritza ekologikoa ezagutzen eta abian jartzen Hego Euskal Herrian. Ekologiarekin lotutako 50 proiektu baino gehiago egin ditu. 1990. hamarkadaz geroztik jorratu ditu mota horretako barazkiak eta fruta-arbolak autodidakta eran. Estatuko Nekazaritza Ekologikoaren Ekoizleen Espainiar Elkarteko idazkaria izan da. Baita Nafarroako Biolurrekoa 12 urtez ere. Km0 kontzeptua 90eko hamarkadan jada praktikan jarri zuen.
Nekazaritza ingeniari tekniko lanetan hasi zuen ibilbidea. “Garai haietako eroak ginen”, dio. “Lehen jardunaldiak Atarrabiako nekazaritza ingeniaritza teknikoko eskola batean antolatu genituen”, azaldu du.
Hala, hasi-masiak ondo gogoan ditu arrasatearrak: “Garai hartan, baratzeko ekoizpen-teknikak patata eta fruta ziren. Erronka izan zen sagarraren harra prest jartzea nekazaritza ekologikoko teknikekin, hau da, garai hartako eta gaur egungo arazo fitosanitario handia”.
Baina haratago ere joan zen Uranga, eta 90eko hamarkadaren amaieran simaurraren tratamendua lantzen hasi ziren behiekin eta ardiekin. “Horrek konpostajea lantzera eraman gintuen, eta kontsumitzaileentzako salgai jarri genuen lote formatuan. Horretarako, Frantziara joan eta metodoa ekarri nuen. Garai hartan Mikel Zeberio ezagutu eta berak kudeatutako ‘Viandar’ aldizkarian kolaboratu nuen. Baita Jose Carlos Capelekin kalitate organoleptikoa landu ere”, deskribatu du.
Hala, 2000. urtetik aurrera, jarduerak antolatu zituzten ‘Alicia’ fundazioarekin eta Fernando Gurutxarrirekin, garai hartan Estatuko Dastatzaileen Batasuneko lehendakaria zenarekin. “Han hasi zen ardoa ekoizten eta 2001ean egin genuen ardo ekologikoaren lehen lehiaketa. Lurraren emankortasunerako ‘Metodo Merodi’ izenekoa aplikatu genuen”.
Horrez gainera, Irunberriko jatetxe batekin ostalaritzan hasi ondoren, aukera suertatu zitzaion Iruñeko ‘El portal de descalzos’ otordu-etxea irekitzeko. Zortzi urtez kudeatu zuen, “konplexutasunaren sinpletasuna” deitzen dion kontzeptua aplikatuta. Urangaren ustez, “errebeldiak edo iraultza eragiten dit bide ekologikoak, gauza desberdinak egin nahi izateak”.
Hori gutxi balitz, Andoni Luis Adurizekin tomate-dastatzeak egiteko ezagutza partekatu zuen. “ikono bat da nire ibilbidean, eta oraindik ere hala da. Urteetan tomate zaharraren azoka antolatu nuen Iruñean”, azpimarratu du.
Hala, gastronomiaren “lehen artisau eta katebegi” gisa aldarrikatzen du nekazaria. Haren gainean “beste urrats bat” eman behar dela ikusten du gizakiaren osasunaren bidean. “Ingurumenarekiko errespetuan, energia emango dizuna irenstean datza, ez plazerean, baizik eta jaten jakitea, hortik bi ordura primeran senti zaitezen”.