
Oñatiko Gomiztegi Artzai Koordinatzailea
Legazpia, 1959
Otaegik Arantzazuko Gomiztegi baserriko Artzain Eskola koordinatzen du. ‘Idiazabal’ Jatorri Izendapeneko gazta landuko duten artzainak hezten dituzte. Latxa eta Karrantzako ardi moten esne gordinarekin egiten dute gazta, hain zuzen ere.
Familiak jatetxea izan zuen arren, hogeita hamaika urteekin nekazaritza munduan sartzea erabaki zuen. Lau urteren buruan ‘Latxa’ kooperatiba kudeatzeari ekin zion.
80. hamarkadan hasi zen Otaegi eskola sortzeko ideia horrekin, jada martxan ziren Frantziako ereduetan oinarrituta. Arantzazuko fraileak lagundu zioten honen hasi-masietan, eta garai hartan apustu ederra izan zen, espainiar Estatuan aitzindariak izan baitziren urrats hura ematen.
Hala, 1997. urtean Gomiztegi Artzain Eskola sortzeko aukera izan zuen Otaegik beste aditu batzuekin batera. Helburu argia zuten: ardi Latxaren hobekuntza. Xede horri jarraituz, gaian aintzindariak izandako hainbat pertsonekin martxan jarri zuen zentroa. Sasoi horretan Txiletik eta Argentinatik ere etortzen zitzaizkien ikasleak.
Eskolaren formakuntza lau ildotan oinarriturik da, zehazki.
Alde batetik, teknologia eta tresnak zeintzuk diren ikasten dute. Baita horien erabilera ere.
Bestetik, enpresa txiki bat nola sortu behar den aztertzen dute. Horretarako, Mondragon Unibertsitatearen laguntza ere badute. Besteak beste, ekintzailetza eta mikroenpresa alorrak lantzen dituzte. Dibertsifikazioak ere garrantzia du, ‘Idiazabal’ Jatorri Izendapenetik haratago dagoena ikasten baitute: beste gazta batzuk nola egiten diren ere erakusten diete.
Azkenik, norberaren lana biziki estimatzen dute, alegia, ikasle bakoitzak egiten duena ere baloratzen dute ikastaroan.
Sei hilabetetan burutzen den prestakuntza duala da, hain justu. Hala, Gomiztegiko ikasketak egiteaz gain, ikasleek praktikak ere egiten dituzte artzainekin. Izan ere, artzain asko bertako ikasle ohiak dira. Hori dela kausa, artzain sare handia du eskolak, eta ikasleak toki batera edo bestera joan daitezke tutorizazio baten laguntzarekin.
Otaegik argi dauka bidea dela galtutako gaztak berreskuratzeko lana indartzea. Horretarako mugimendu berri bat sortzen ari da. Izan ere, gaztaren mundua berritasunekin dator azken aldian, tartean, ‘Gazta Berri’ proiektua lantzeari ekin diote. Behi eta ahuntz esnez egindako gaztaren inguruko ekimena da, hain zuzen ere.
Euskal gastronomiak hainbat gazta mota egiteko erronka dute helburu. Horretan agian eredu izan dezakete Ramon Lizeaga gaztagileak bere garaian egiten zuen lana.