Proiektuak

Pertsonak

Pertsonetara itzuli

Juan Carlos López de la Calle San Pedro

Ardogilea

Guardia, 1956

Arabako ‘Artadi’ upategia kudeatzen du. Mahastizain familia bateko laugarren belaunaldia da, eta honakoa lortu du: Robert Parkerren ‘The Wine Adovocate’ aldizkari ospetsuak ehun puntuak ematea.

Mahastizaintza eta Enologiako Teknikari Espezialista gisa trebatu zen Madrilen 1974an. Espainiar Estatuan antolatutako zen lehen edizioa zen, hain zuzen ere. Iruñean nekazaritza-perituen ikasketak egin ondoren, “saltsan honetan hasi nintzen”, dio, esatea gustuko duen bezala.

Familiaren ardogintza-ezagutza birraitonen eta birramonen aurretik ere badatorrela uste du, “eskualde horretan bertakoek ardoarekin lotura zuzena baitute. Upeltegi baten gainean jaioa naiz, dolareak zeuden etxe baten gainean. Ardoa usaindu dut txikitatik, Guardiako herri batean, non etxe guztiek upeltegia edo kalatua duten”, gogora ekarri du. 


Haurtzaroko oroitzapenak gogoan, mahats-bilketaren garaian ardo-koloreko kaleak datozkio burura. Mundu guztiak ‘el pisón’ izenez ezagutzen duen une hori da, hain justu. Bertan lehengusu, lagun eta familiartekoek parte hartzen zuten, uzta biltzeko une garrantzitsu horretan: “Lau prentsa zeuden uzta-biltzaile guztientzat. ‘Makila’ bat egiten zuten, prentsa bakoitzeko pegar batekin ordaintzen zuten formatua. Prozesua egindakoan, barruan zituzten hamasei litroak beraientzat geratzen ziren. Hori zen ordainketa”.


1981ean lehen hektareak heredatu zituen. Garai hartan ‘Artadi’ kooperatiba zen eta hasieran dena mazerazio karbonikoan egiten zuten. Azken urte hauetan guztietan hainbat kontzeptu izan dituzte: 90eko hamarkadan ez zen ‘lursail’ izena hartu, baina baziren bertako haritz- egurrezko 350 edo 400 pegarra. “Milakoak gaindiezinak ziren”, dio mahastizainak.  

Lehen ez zen hitzik egiten mahastizaintza iraunkorraz, ekologikoaz edo biodinamikoaz, egiteko “modu naturala” baitzen hura: “Anduiak gehiago zaintzen zituzten, inertziaz zen hori, forma naturala, hori zen mahastizaintza tradizionala”. 1992tik aurrera, berriz, upelak erosten eta hazkuntzak egiten hasi ziren. Bilakaera horretan guztian ezagutza eta kalitatea bermatu zuten, gainera. “Teknifikazioan eta profesionalizazioan irabazi dute”, azpimarratu du.


Euskal ardoek jatetxetako kartetan duten presentziari dagokionez, bere iritziz, esaera zahar batek dioen bezala, “izenik ez duena ez da existitzen”. Hala dio López de la Callek ‘Arabar Errioxa’ markaz eta kartetan ikusten den apurraz itaundurik. “Hori da Arabako mahastizaintzaren errealitatea”, azpimarratu du. Izan ere, marka honen aldekoa da. 

Nolanahi ere, berak ez dio inori errua bota nahi, baina ‘Arabar Errioxa’ zigiluarekin identifikatu nahi dugunean, ‘Errioxa’ markaren komunikazio-ahalmen indartsuak “posizionamendua desbideratzen du”. “Nahasmena” sortzen du kontsumitzailearengan. Hori dela kausa, nola hobetu ere argi ikusten du: berak ardoa “oso erraz” identifikatuko luke Arabako markarekin. “Horrek ahalegina, sakrifizioa edo dedikazioa behar du. Bide malkartsua da, baina hasten ez bagara, kontua ez da amaituko”.