Proiektuak

Pertsonak

Pertsonetara itzuli

Juan Carlos Royo Gabancho

Arrain-handizkaria

Bermeo, 1963

Arrain-handizkaria da Bermeoko portuan, baxurako arrain freskoa erosten baitu 1998tik, Eusebio Royo anaiarekin batera. Batez ere zapoa, legatza, itsaskabra, antxoa, berdela edo arrain urdina bezalako espezieak eskuratzen dituzte. Gainera, kontserba enpresa txiki bat kudeatzen du 2005etik, hain zuzen ere, arrantza-metodo tradizionalekin harrapatutako antxoen fabrika.

Bere politika pixkanaka-pixkanaka hazten joatea izan da, eta ildo horretan jarraitzeko xede dute: “Ez dugu ekoizpenean hazteko asmorik, kalitatea mantentzea da helburua”, zehaztu du. Izan ere, oso kritikoa da Euskal Herrian antxoa nola saltzen duten: “Ondarroan edo Mutrikun kalitatea egon, badago, baina ez dakigu ondo saltzen. Hori da arazoa”.

Bermeotar honek hainbat gairen inguruan hitz egin du, tartean, azken urte hauetan sektorean izan diren aldaketez, profesionaltasunak eta kalitatearen hobekuntzak ekarritakoak, hain justu. “Baina kuoten handicap-a daukagu, eta uste dut Bruselan ezjakintasun handia dagoela honen inguruan”, azpimarratu du. 

Hain zuzen ere, berdelaren eta antxoaren harrapaketez ari da, euren historikoagatik kudeatzen baitituzte, eta erkidegoetan banatuta, gainera. Honez gain, Kanariar Uharteetako hegaluzearen arrantzaz ere dihardu Royo, itsasontzi horiek Kantauri itsasokoak baino lehenago hasten direlako. 

“Etorkizuneko kuotak itsasontzi bakoitzeko izatea gustatuko litzaidake”, argitu du. Izan ere, hurbiltasunean oinarritutako negozioa dela baitio bermeotarrak: armadoreekin eta handizkariekin etengabeko harremana dute. “Poteoa partekatzen dugu herrian”, zehaztu du. 


Honetaz gain, handizkariak “aldaketa” sumatu du antxoaren ibilbidean, Arcachonetik datorren arraina Gipuzkoatik pasatzen zelako, baina orain “ezezagunak diren arrazoiengatik Asturiasen agertzen dira”.

Bizkaiko Slow food-ekin elkarlana du Royok, eta euskal gastronomia aztertzerako orduan, dauden sukaldari handiak mahaigaineratu ditu. Adierazi du, ordea, tokiko produktua dastatu nahi izanez gero, prezioa “gehiago baloratu” behar dugula. “Batzuk ez daude ordaintzeko prest, eta merkeago erosten dute beste herrialde batzuetatik”. 

Horregatik, kontsumitzaileari informazio garbiagoa ematea gustatuko litzaioke, berari eskatzen zaion trazabilitateari buruzko informazioaren antzera. Beraz, honakoarekin borobildu du gaia: “Jatetxeetako kartan jatorria jarri beharko luke, hori egiteko teknologia baitaukagu”.