Proiektuak

Pertsonak

Pertsonetara itzuli

Karlos Arguiñano

Sukaldaria

Beasain, 1948

Sukaldaria, idazlea, aurkezlea eta aktorea dugu. 32 urtez antenan egon ondoren, 2021. Urtean,  Telebistako Sari Nazionala jaso zuen. Kozinatzen irakatsi dio makina bat belaunaldiri, eta etxeko sukaldaritzaren ohitura azpimarratu izan du beti, alegia, ondo egindako janaria, sasoiko produktuarekin. Hori guztia komunikatzeko eta gauzak sinpatiaz egiteko berezkoak dituen dohain horiekin.  


Bere hastapenak gogorrak izan ziren: “Gu lau anaia-arreba gara eta ama paralitikoa zen. Seme nagusia nintzenez, etxeko lanetan laguntzea egokitu zitzaidan, batez ere sukaldaritza kontuetan”, gogoan du beasaindarrak. Hala ekin zion gastronomia munduari; etxean. 


Dena den, ikasketekin oso ona ez zenez, lehenik ofizialtza industriala egin zuen: “CAFen lanean hasi nintzen, baina egun batean makinista batek galdetu zidan ea nork jartzen zituen ateak. Azkar erantzun eta ni nintzela esan nion. ‘Ateak kanporaka irekitzen dira kurbetan’, esan zuen. Ez zen oso azkarra izan beharrik hura ez zela nire mundua konturatzeko”.


Hala, Arguiñanok gogoan du izena eman zuela Jose Castillo sukaldariak antolatutako emakume ezkongaientzako sukaldaritza ikastaro batean. Juan José Castillo chef ospetsuaren aita zen irakaslea, hain justu. Ondoren honakoa dio: “Geroago ikusi nuen Zarautzen sukalde-eskola irekitzeari buruzko iragarkia, eta sukaldaritza lanetan txarra ez nintzenez, hara joatea erabaki nuen, zortea probatzera”.


Gainera, eskolak Luis Irizarrek ematen zituen, euskal sukaldaritzaren erreferentea dugunak: “Klaseak serioak eta, aldi berean, oso atseginak ziren. Laster konturatu ginen ‘handi bat’ genuela gure artean, hiru urtez ikasten egon beharrean, sei urtez egon gintezkeela ere”.


Orain, atzera begiratu eta ‘Euskal sukaldaritza berria’ izeneko mugimenduaz, zera dio: “Une horiek gogoangarriak ziren, sukaldaritza propioa sortzen ari ginelako eta aldaketa txiki batzuekin errezeta berriak eratzen genituelako. Afariak egiten genituen kide bakoitzaren jatetxeetan, dena berria zen, ikertu eta sortu egiten genuen”, gogoan du pasioz. 


Garai haietan, Zarauzko golf zelaiko jatetxeko arduraduna zen beasaindarra. Han gauza asko ikasi zituen, baina, aldi berean, sentitu zuen beste norantza bati heldu nahi ziola gastronomia munduan. Hala, Zarauzko ‘Karlos Arguiñano’ jatetxea hartu zuen; hain zuzen, gaur egun bere seme-alaben gidaritzapean martxan jarraitzen duen negozioa. 

Honenbestez, bere ibilbidea “luzea eta dibertigarria” dela azpimarratu du. “Zorionekoa” sentitzen du bere burua familia eta lagunekin. 

Egungo euskal gastronomiari dagokionez, sukaldari mediatikoak honakoa hausnartu du: “Dena eboluzionatzen ari da eta sukaldaritzak ere egokitu behar du publikoak eskatzen dituen aldaketetara”. Mundu honetan bertan, hau da, gastronomiaren munduan bilobaren batek sukaldean jarraitzea du amets Karlos Arguiñanok.