Proiektuak

Pertsonak

Pertsonetara itzuli

Koldo Royo

Sukaldaria

Donostia, 1958

Mallorkako euskal sukaldaritzaren enbaxadoreetakoa dugu. Txikia zela, ostalaritza mamitu zuenetik gurasoen tabernan, etengabe aritu da berrikuntzak egiten, bai sukaldaritzan, bai hedabide digitaletan. Gaur egun, izarra dugu horietan, eta milaka eta milaka jarraitzaile ditu TikTok edo Instagram plataformetan.


Sukaldaritzarekiko grina gurasoenean piztu zitzaion: “’Antonio’ Tabernan jaio zen gastronomiarekiko maitasuna, gurasoek Donostian kudeatzen zuten negozioa baitzen hura. Aitak jarri zion izen hori; horregatik, txikitan hasi nintzen tabernan. Beti egon naiz lapiko artean, amarekin batera, barran eta ostalaritzan sartuta”.

Hain zuzen ere, garai hartako erreferente bihurtu zen 1969ko uztailaren 7an inauguratutako establezimendu hura: mini berriak, hirugiharrez bildutako otarrainxkak edo ganba gaineztatuak zerbitzatzen zituzten. “Merkatuko sukaldea zen, itsaskiak falta ez ziren lekua”, dio Royok.


Gero, ‘Arzak’ jatetxeko ‘stagier’ bezala “lehen ikaslea” izan zelakoan dago. Luis Irizarri buruz, honakoa dio: “Bizitzako baloreak irakatsi zizkidan. Michelin izarra lortu nuen Madrilgo Euskal Etxean 1985ean, berarekin sukaldari nagusi nintzela. Ondoren, ‘Casa Nicolás’ donostiarra bezalako etxe mitikoetatik igaro nintzen, Balear Uharteetarako bideari heldu nion arte, ‘Porto Pi’ jatetxea zabaltzeko. Han ‘makaron’ preziatua lortu nuen”.

Urte gutxi batzuk igaro ostean, Interneten murgildu zen, bere nortasun kuriosoa zela bide: “Errezetekin webgune digitala egitea bururatu zitzaigun. Hasieran gogorra izan zen, inork ulertzen ez zuelako. Horrela sortu genuen ‘A fuego lento’ webgunea. Milaka erabiltzaile ditut hilero, eta sukaldari komunitatea sortu dugu Estatu osoan”, dio pozik. Gaur egun, sare sozialetako sukaldaritza-izarretakoa dugu. Egunero milaka jarraitzailek ikusten dituzte bere bideo-errezetak eta sukaldaritzaren inguruko gaurkotasuna.

Honez gain, Royo aitzindaria izan da ‘Canal Cocina’ telebista-katean euskal errezetak egiten, eta gaur egun, gastronomia-aholkularitzan eta prestakuntzan dihardu. Duela urte batzuetatik hona behar duten pertsonei ikastaroak egiteaz gain erreformatorioetan edo espetxean, jantoki soziala sortu du Mallorcan, non COVID-19aren pandemian ehunka sukaldari bildu zituen.


Hori aski ez eta, TikTok sare sozialek ‘2022ko kreator’ gisa aukeratu dute: “Sare sozialak gizatiarragoak izan daitezen laguntzeko aukeratu naute”, dio donostiarrak.


Euskal sukaldaritzak izan duen bilakaeraz galdetuta, Balear Uharteetako distantziatik egin du gogoeta. “Kanpoko gauzak” hartzen eta aplikatzen “oso ona” izan dela dio: “Beste gauza batzuetan baino irekiagoa egon da; politikoki beltzagoa zen garaietan sukaldaritza aurreratua zihoan”. Dena den, euskal sukaldarien “eskuzabaltasun falta” baieztatu du Royok: “Kostata erakutsi dio jendeari ‘kuadrillatik kanpo’”.