Proiektuak

Pertsonak

Pertsonetara itzuli

Maria Rosa Larrañaga

Kaia-Kaipeko Jantokiburua

Getaria, 1941

1962. urtean irekitako ‘Kaia-Kaipe’ jatetxea kudeatu du urte luzez. Izan ere, 2022. urtean hirurogei urte beteko ditu negozioak. Hasieran kazolatxoak eginez hasi zen taberna gisa. Orain bere seme Igor Arregik gobernatzen du jatetxea.

Ama izan zuen Maria Rosak lehenengo sukadari. Izan ere, anai-arrebekin eta gurasoekin lan egiten zuen. Sasoi horretan legatza saltsan, mingaina edo tripakiak prestatzen zituzten, garaiko platerak, hain zuzen ere. Urte gutxiren buruan, ordea, taberna zokoratu eta parrillaren aldeko apustua egin zuten. Pixkanaka egindako lanak ‘Kaipe’ jatetxea jartzeko aukera eman zien, oraingo ‘Kaia’ jatetxearen azpian, zehazki.

Andoni Arregi senarra zuen parrillaburu, eta Getariako portuko arrainak prestatzen zituen. Baita Donostiatik eta Bilbotik ekarritakoak ere. Larrañaga, berriz, jantokian aritzen zen, sukaldeko lanetan ere laguntzen zuen arren.

Lehen, eskaintza nagusia honakoa izaten zuten: zizka-mizkak, arrain errea, alegia, lupia, itsas-kabra edo mihi-arraina, txuleta eta postrea. Dena den, gehien saltzen zituzten platerak arrain-zopa eta bisigu errea izaten ziren. Astebururo laurehun bat kilo bisigu saltzen zuten. Honez gain, aintzindariak izan ziren frantziar estilora itsaski-mintegia jartzen orain dela hogeita hamar urte. Horrek ospea eman zion jatetxeari. Gaur egun ardo erreferentzia askoko upategia kudeatzen dute.

Gastronomiaren munduan hainbat sasoi pasa direla dio Larrañagak. Izan ere, lehenago errezagoa omen zen lan egitea, orain exigentzia handiagoko bezeroak baitaude. Gutxiagorekin gusturago zegoen bezeroa; orain hori guztia aldatu dela dio.

Sekretua omen da produktu ona ez izorratzea, eta getariarrak argi du ogibidea gustatu behar zaizula; hori oso garrantzitsua da berarentzat.

Hurrengo generazioak prest omen daude euren martxa jarraitzeko, baina zalantza egiten du beraiek egindako ahaleginaz egingo ote duten gaur egun.