Proiektuak

Pertsonak

Pertsonetara itzuli

Mikel Corcuera

Gastronomia kritikaria

DONOSTIA, 1947-2022

Hainbat komunikabidetan aritu da gastronomia-kritikari gisa. ‘Cadena Ser’-etik pasa da, urte luzez ‘El País’ egunkarian idatzi du eta gaur egun ‘Noticias de Gipuzkoa’ egunkarian kronika gastronomikoa egiten du. Juan Mari Arzaken bidelagun izan dugu sukaldariaren liburu askotan. 1998an kazetaritza-lan onenaren ‘Euskadi Gastronomia Saria’ jaso zuen. Baita kazetari gastronomiko onenaren ‘Sari Nazionala’ ere. Azken hori 1999an txakolinari buruzko ikerketa-liburuagatik.

Lanbidez abokatua, lan-gaietan espezializatu zen batez ere. Unibertsitatean ikasle zela, Rafael García Santos gastronomia-kritikaria ezagutu zuen, eta hala kolaboratzen hasi zen irratian eta ‘Gourmetour’ gidan. Ondoren, ‘Campsa’ eta ‘Repsol’ gidetan aritu zen. 

Idatzitako liburu ugarien artean, oso harro dago honako hauekin: ‘Comer en el País Vasco’ (1995, 1997), ‘Las recetas del milenio’ (2001), ‘25 años de la Nueva Cocina Vasca’ (2002), garaiko lan historiko eta gaurkotua izan zena, ‘Historias del comer’ (2003), El placer de innovar’ (2005) eta ‘Recetas de Leyenda’, besteak beste.

Corcuerak ‘El País’ egunkariko artikuluak sinatu ditu hamabost urtez, sukaldaritzaren historiari buruzko atal batean, zehazki. Irratian egin zuen lana ‘Cadena Ser’-en egin zuen, ‘La salsa de la cocina’ saioan, hain zuzen ere. Bost urte iraun zituen eta sukaldariei elkarrizketak egiteko magazina zen, Juanjo Mendioroz gastronomoarekin batera. 

Ohiko kolaboratzailea ere izan zen Arzakek argitaratzen zituen liburuetan, eta egun sukaldari ospetsua biziki miresten du, betidanik izan baitu sukaldaritza-mota guztiekiko interesa: bai taberna batekiko, bai goi-sukaldaritzako jatetxe batekiko.

Donostiarrak euskal gastronomiaren bilakaera “mugimendu oso interesgarria” dela uste du, baina, aldi berean, tradizioarekiko errotzea “pixka bat” galdu duela dio: “Baikorra naiz, baina ikusten dudan arazoa da arrakastaz hil gaitezkeela, eramaten uztea. Agian gelditu eta pixka bat pentsatu beharko genuke. Ezin dugu munduaren zilborra garela sinetsi”.

Honakoa dio egungo egoeraren inguruan: “Gaur egun krisi handiko garai batean gaude, pandemia hau latza izan da. Une zailetan jendeak irudimena izaten du. Gosearen garaian ere plater handiak asmatu dituzte”.