Madrilgo ‘Arima’ jatetxeko jangela burua eta jabea
Gipuzkoan eta Ipar Euskal Herrian eskuratutako produktuan oinarritutako negozioaren jabea da. Ukitu bereziko euskal sukaldaritza eskaintzen du Madrilgo Ponzano kalean.
20 urte zituela Donostiako ‘Regata’ jatetxea kudeatu zuen. Ondoren, Madrila jo eta inbertitzaile baten laguntzaz Suitzako Alpeetan negozio berri bat ireki zuen 23 urterekin.
Itzuli zenean, ‘Sagardi’ ekimenaren proiektuarekiko interesa piztu zitzaion. Han enpresa-kudeaketa eta ekonomia ikasi zituen, hurrengo sukaldaritza-abenturari ekiteko.
Esperientzia horren ondoren, Madrilgo ‘Euskal Etxea’ ireki zuen 26 urterekin, zuzendari lanetan. Hiri bereko ‘Illunbe’ jatetxean egonaldi bat egin eta gero, bere negozioa irekitzea erabaki zuen.
Hala, merkatu azterketa baten ondotik, kale egokia aurkitu eta buruan zuen ideiarekin maiteminduta, 2016an ‘Arima’ ireki zuen, Ponzano kaleko irla gastronomiko txikia.
Era berean, esperientzia hori Gasteizko ‘Kea’ espazioan ere proba daiteke, non ‘Arima’ proiektuaren espiritua hauteman daitekeen.
Irazuregiren ustez, bere ibilbidea etengabeko ekintzailetzak eta egoerek markatu dute. Iritsi zaizkion aukerak hartu ditu, eta aitortzen du ausartuz eta beldurrik ez izanez aprobetxatu dituela. Oztopoz betetako bidea izan da, hain justu, “ostalaritza-negozioa zer den batzuetan ulertzen ez dizuten proiektuetako bazkideekin”.
Urnietarrak asko baloratzen du ekoizlearekiko lotura, sentiberatasun horrek ekoizleekin harreman pertsonala izatea sorrarazten dio-eta. Lortu nahi dituen osagaien bila beti, denbora luzea ematen du bilaketan. “Erosketaren kudeaketak errazten dizu ekoizlea aurrez ezagutzea, bere etxea, lan egiten duen baratzea edo bere familia ezagutzea. Lotura hori askoz ere sentiberagoa da eta harreman berezia sortzen da”.
Gastronomiak belaunaldi berriei “bidea ireki eta indartu” beharko liekeela dio. “Beteranoen eskuzabaltasunak lagunduta, lurraldea eta lurralderako pentsatzeko”.