Proiektuak

Pertsonak

Pertsonetara itzuli

Patxi Izagirre Caminos

Nekazaria

Ibarra, 1955

Ordiziako azokan saltzen ditu bere produktuak betidanik. Garai ugari ezagutu ditu, eta Ibarrako piparra ekoizten duenetakoa dugu gaur egun.


Automobilgintzako maisu industrial izateko ikasi zuen Iruñean, eta lanbide honetan aritu zen urte batzuetan. Dena den, ongi gogoan ditu laupabost urte zituela gurasoekin Ordiziako azokara joaten zeneko egunak. 

Hala, merkatu honen hainbat garai ezagutu ditu Izagirrek: zaldiz joaten zireneko urteak, bai eta kamioiak iritsi zireneko horiek ere. “Nire aitonari kamioia konfiskatu zioten Gerra Zibilean frontera joateko. Urte haietan aza, letxuga, azenarioa, porruak edo babarrunak bezalako barazki eta landareak saltzen zituzten. Dena bertako generoa zen, kanpoko besterik ez zen izaten, eta tomatea udan soilik izaten zen”, gogoratzen du. 

Hain zuzen ere, duela berrogei urte hasi ziren beste barazki batzuk merkatuan saltzen. Era berean, supermerkatuak ere martxan hasi ziren: ”Ordizian ez ziren guztiz ondo onartu, beherakada handia eragin zion-eta merkatu tradizionalari, prezio txikiagoak zituelako”. 


Izagirrek dio Gipuzkoan nekazaritzarako “lur txarra” dagoela, “hezetasuna eta eguraldi txarra direla medio”. Hala ere, barazkien kalitatea “positiboki” baloratzen du, eta honakoa gaineratu: “Hemen lantzeko onena porrua, aza, brokolia, azalorea, erromaneskoa, zerbak, espinaka edo borraja dira”.


Egungo merkatuaz galdeturik, “gaizki” ikusten du Ibarrakoak: “Gazteria ez da azaltzen; lanean ari direla esaten dute, baina lehen ere lan egiten zuten eta etortzen ziren…”. Era berean, Izagirrek “nolabaiteko kezka” sumatzen du publikoak ez duelako produktua ezagutzen. Ezta nondik datorren ere: “Batzuetan haurrak ikusten ditut, baina gehiago etorri beharko lukete eta helduek hezi egin beharko lituzkete”.

Zalantzarik gabe, pipermina dugu bere beste berezitasunetakoa; bai freskoan, bai botilaratuta. “Urte asko daramatzagu jarduerarekin, duela hogeita bost urte hasi ginelako botilaratzen, Iñaki Chueca diputatuak babestuta”, zehaztu du. 


Hasieran bost baserriren arteko jolasa izan omen zen, produktore onena nor zen jakiteko. Baina azkenean, pipermin onenen aukeraketa freskoa egin zuten. “Martin Mancho  izan zen Ibarrako piperraren aukeraketan  lagundu zigun ingeniaria. Ondoren, ‘Ibarrako langostinoa’ izenarekin ospetsu egin zen, eta hori herriko ‘Txumitxa’ tabernak jarri zuen martxan”, gogoan du pasioz. 


Gaur egun, marka ‘Hazi’ Fundazioarena da, eta hiru baserrik osatzen dute ‘Ibarlur’ kooperatiba, hain justu. Gastronomiari dagokionez, batez ere Gipuzkoarekin dute lotura, lurralde horrek kontsumitzen baitu gehien bere produktua. Sukaldarien falta sumatzen du, aldiz, Ordiziako merkatuan: “Gutxi dira merkatutik igarotzen direnak, hala izan da duela hogei urtetik hona behintzat”.