Proiektuak

Pertsonak

Pertsonetara itzuli

Segurako talogileak

Laureano TELLERIA ORDOZGOITI (1935, Segura)

Josepa ALBIZU APAOLAZA (1940, Segura)

Joseba TELLERIA ALBIZU (1963, Segura)

Telleria Albizu familia aitzindaria izan da taloa egiten Euskal Herrian. Antzinako euskal tradizioa berreskuratu dute eta herri-azoketara eraman taloa kontsumitzeko kultura.

Josepa Albizuk dio bere gurasoekin ikasi zuela taloa egiten:
“Amak eta izebak su baxuan prestatzen zuten askotan, eta burdinazko pala luze baten laguntzaz buelta ematen zitzaion”. Esnearekin jaten zuten, eta gatz pixka bat gehitzen zioten. “Niri asko gustatzen zitzaidan. Ogia ere egiten genuen, baina elaborazioa desberdina da, hartzitu egiten baita”, azpimarratu du segurarrak. 

Baserrietan taloa egurraren gainean egiten zuten, ikusteko modu “polita”, baina “begientzat deserosoa”, dio Albizuk. “Gaur egun kerik gabe egiten ditugu. Garrantzitsuena txapa ondo berotzea da”.

1980. urtean hasi ziren berreskuratzen abandonatuta zegoen ohitura zaharra, hain zuzen ere. “Bilboko Erakustazokara gonbidatu gintuzten, Korrikaren lehen ediziora. Bertan ikuskizun bat eman nahi zuten eta Segurako talde batekin egon ginen.
Gu izan ginen taloak modu herrikoian egiten lehenak, hainbat jaietara joaten ginen, eta hala baserrietako antzinako tradizioa berreskuratu genuen”, azaldu du. 


Taloa arto-irinarekin egiten da Hego Euskal Herrian, eta Iparraldean, berriz, gari-irin pizka bar gehitzen diote, zapore desberdina emanez. Segurarrak dio ez dagoela trikimailurik prestatzerako unean: “Arto gordin gorria, labetik pasatu gabe; ur beroa eta gatza gehitzen zaizkio, eta eskuen laguntzaz forma ematen zaio. Orea ondo egiten bada, ez da hausten, eta ez du atsedenik behar, ogia bezala”.


Azoketan beti erabili izan dituzten osagaiak honako hauek dira: txistorra batez ere, urdaia, urtzeko fin moztutako gazta eta txokolatea. Gaur egun beste osagai batzuk ere gehitu izan dizkiote, eta azken aldian, mundu begetarianora egokitu da taloa.


Joseba Tellería Albizuk dioenez, pixkanaka jarduera gehiago izan dituzte, esaterako, ezkontzetan edo pintxo lehiaketetan. Dena dela, uneotan geldirik daude, egungo egoera dela bide, “baina etorkizun ona ikusten dut, azoketako postuetan hasi diren eta jarduera maite duten gazteekin”.