Mapa Gastronomikoa

Arabako baba pintoa

Babarrunak — Arabako Mendialdea

1.- Izena:

Arabako Baba Pintoa.

2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:

Arabako Baba Pintoa Arabako nekazaritza ustiapenetan, tradizioz eta garrantzia handiarekin, denbora luzez presente egon den babarruna da. Arabako mendialdean eta haranetan babarruna alternatiba gisa lantzeko tradizioak, kontsumitzaileek gero eta gehiago eskatzeak eta sukaldaritzarako daukan kalitate bikainaren aitorpenak babarrun ekoizleak hautaketa programa bat abiatzera bultzatu zituen.

Hautatutako barietatea kalitate handikoa da, inguruko klima baldintzetara egokituta dago eta Arabako nekazaritza sektoreak labore alternatibo gisa garatzeko potentzial handia dauka. Gaur egungo erronka produktu honen merkatua zabaltzea da. Izan ere, Araban oso sustraituta dago, baina gainerako tokietan ez da behar bezain ezaguna.

3.- Aintzatespenak:

1999an, Arabako Baba Pintoak Eusko Label bereizgarria lortu zuen, zeinak produktuaren jatorria, benetakotasuna eta kalitatea bermatzen dituen. Urte hauetan, kalitatearen aldeko apustuaren emaitza gisa, hainbat aintzatespen jaso ditu (ongien bildu eta aurkeztutako produktuari saria, urteko euskal produktu onenari saria, Lo mejor de la Gastronomía liburuan produktuari aipamena…).

4.- Ezaugarriak:

Arabako Baba Pintoa babarrun txikia da (0,5-1,5 cm-ko luzera) eta arrautza forma dauka. Kolorea granate ilunetik arrosa argira bitartean dabil eta orban edo tanto zuri txikiak dauzka. Dastatzerakoan, ahosabaian fintasuna eta ia azalik eza nabarmentzen dira.

Ez da gorantz asko hazten; zuztar mehe eta laburra dauka, zeina fruitua mamitzen denean lurrean bermatzen den. Udaberrian landatzen da eta irailaren hasieran jasotzen, modu mekanikoan. Finkan lehortzen dira, hezetasun maila % 17ra jaisten den arte. Orduan, aletu eta ontziratze zentrora eramaten dira. Han, tamainaren eta kolorearen arabera aukeratzen dira, aukeratutako babarrunak ontziratu egiten dira eta kontrol etiketa zenbakiduna jartzen zaie. Etiketa horretan Eusko Label Kalitatea ikurra agertzen da.

Dastatzean kalitate bikainekotzat edo oso onekotzat jotzen diren Arabako bertako barietateko babarrunek bakarrik lor dezakete Eusko Label bereizgarria (barietate hori «Laura» izenez erregistratuta dago Hazien eta Mintegietako Landareen Espainiako Institutuan). Besteak beste, parametro hauek aztertzen dira: alearen osotasuna, gainazala eta azalaren gogortasuna, albumenaren gogortasuna, koipetasuna, pikortasuna eta irintasuna.

5.- Ekoizpen eremua:

Tradizioz Arabako mendialdean eta haranetan landutako produktua da eta gune horietako laboreen (zerealak, patata eta erremolatxa) alternatiba egokia; izan ere, hango klima baldintzetara oso ondo egokitzen baita. Klima kontrakoa ez baldin bada, ekoizpen zikloan ez du inongo tratamendu fitosanitariorik behar. Beraz, labore ekologikotzat jo daiteke. Gaur egun, bi eskualdetako hamabi ekoizle daude Kalitatea fundazioan izena emanda.


E R R E Z E T A

ARABAKO BABA PINTOEN KREMA

Lau pertsonentzako osagaiak

400 gr baba, 3 L ur, 150 ml barazki-salda,

100 gr tipul, 10 gr baratxuri, gatza, piperbeltza,

intxaur muskatua eta oliba-olioa. 

Osagarriak:

Bakoitzaren gustu eta irudimenari.

Elaborazioa

  • Tipula brunoisean moztu eta bereizi bi zatitan (bakoitza 50 gr).
  • Baratxuriak brunoisean moztu.
  • Ur hotza kazola batera gehitu, bota babak eta tipula kantitatearen erdietako bat eta berotu ura irakin arte.
  • Ur hotza kazolara gehitu irakina apurtzeko, jaitsi sua eta utzi 3 orduz bor-bor leun batekin sukaldatzen.
  • Olioa gehitu beste zartagin batera, gorritu baratxuriak eta egin errefrito bat gainerako tipularekin.
  • Hiru orduak igaro ondoren, iragazi babak eta gorde errefritoarekin.
  • Gehitu barazki-salda eta birrindu babarrunekin batera.
  • (Krema oso likido geratzen bada, esnegain pixka bat gehi dakioke)
  • Gehitu gatza, piperbeltz beltza eta intxaur muskatua eta berotu zaporeak integratzeko.
  • Zerbitzatu, oliba-olio pixka batekin.

Bestelako produktuak