1.- Izena:
Arabako Errioxa Ardoa (JDK).
2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:
Arabako Errioxako ardogintzak mende askotako historia dauka. Erromatarrek ekarri zuten ardogintza eta, zenbait mendez utzita egon ondoren, Goi Erdi Aroan garrantzi handiagoa hartu zuen. XIX eta XX. mendeetan, berriz, eskualdeko jarduera ekonomiko nagusia bilakatu zen. Azken hamarkadetan, Arabako Errioxako ardogintza sektorea izugarri aldatu da eta aldaketa horiek eskualdeko nekazaritzaren panoraman ez ezik, ardoaren lanketan eta merkaturatzean ere eragin dute.
3.- Aintzatespenak:
Arabako Errioxa Errioxa jatorrizko deituran sartutako hiru azpieremuetako bat da. Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arautzaileak mahatsaren ekoizpen prozesu osoa eta ardoaren lanketa prozesu osoa kontrolatzen eta ziurtatzen du: barietate baimenduak, lursail bakoitzaren ekoizpena, ardoaren parametro fisiko-kimiko eta organoleptikoak, ardoa heltzeko epeak, metodoak eta abar. Gainera, bere araudi zorrotza betetzen duten ardoei zenbakidun JDK zigilua ematen die. Bestalde, Arabako Errioxa azpieremuko ardoei «Arabako Errioxa» aipamena jartzen zaie, etiketetan eta/edo kutxatiletan.
Gaur egun, Arabako Errioxa Ardoa munduko onenetakotzat jotzen dute, parte hartzen duen lehiaketetan sari ugari lortzen ditu eta bere markak nazioarteko jatetxerik onenetako kartetan daude. Uzta bikainek ardo hauen ospea eta eskaera kopurua handitzea eragin dute.
4.- Ezaugarriak:
Arabako Errioxako mahats barietatea da ardoen kalitatea baldintzatzen duen faktoreetako bat. Errioxa JDK daukaten ardoak egiteko onartuta dauden lau mahats beltz barietateetatik (tempranillo, garnatxa, mazuela eta graciano) tempranillo da nagusia; barietate horiek lantzeko erabiltzen diren 11.915,82 hektareetatik % 96,60 betetzen ditu. Tempranillo eta graciano Errioxako mahats beltz autoktonotzat jotzen dira. Beste barietate batzuk ere lantzen dira, neurri txikiagoan bada ere, esaterako: viura, garnatxa zuria eta malbasia.
Deitura horren babespeko ardoak, bai beltzak, bai zuriak eta gorriak, hainbat motatakoak izan daitezke (ondu gabeak, onduak, erreserba eta erreserba handikoak), Kontseilu Arautzailearen Araudian deskribatuta dagoen bezala. Ardo beltz gaztea (askotan, «urteko ardoa» ere deitzen zaio) da Arabako Errioxako ohikoena eta adierazgarriena; bolumen osoaren % 30a osatzen du.
Arabako Errioxa eskualdean egiten den ardoa kalitate handikoa da. Ezaugarri orokor gisa, kolore distiratsu eta bizia dauka, usain fina, fruta zaporea eta edateko atsegina da. 11 eta 13 gradu bitarteko graduazioa dauka.
Arabako Errioxako ardo berezkoena beltza da. Oraindik ere bi ekoizpen metodo erabiltzen dira: mahatsa zukutu eta makilatxoak kentzea eta ohikoa. Azken horretan, mahatsa osorik erabiltzen da eta beratze karbonikoa egiten da, ardo gazte edo urtekoak egiteko. Gainera, Arabako Errioxan ardo ondu, erreserba eta erreserba handiko bikainak egiten dira, baita ardo zuriak eta gorriak ere.
5.- Ekoizpen eremua:
Arabako Errioxa eskualdea hirurehun kilometro koadro eskaseko eremu estua da, Arabako hegoaldean kokatua, Kantabria mendilerroaren eta Ebro ibaiaren artean. Hamabost udalerri biltzen ditu eta 10.000tik gora hektareatako mahasti azalera dauka. Lurra kareduna eta buztintsua da, mahatsondoetarako ezin hobea, eta Kantabria mendilerroko 1.200 metroko garaieratik Ebro ibaiko 400 metrokora jaisten da.
Inguru horretako klima oso ona da ardoa egiteko. Urteko batez besteko tenperatura 12-13 ºC-koa da eta euri indizea 500 l/m2-koa. Gainera, zonalde horretako ezaugarri topografikoek ere eragina daukate ardoan. Kantabria mendilerroak Arabako Errioxa Kantabriako haize hotz eta hezeetatik babesten du eta, mahastien hego-orientazioari esker, mahatsondoek iristen zaien beroari etekin handiagoa ateratzen diote.
6.- Gaur egungo ekoizpena:
Zonaldearen erliebe aldapatsuak mahasti zabalak jartzea zaildu du. Horri esker, ardogintzan aritzen diren lurren jabetza ez dago oso kontzentratuta eta familia askoren upategi txiki edo ertainek eta beren lan molde tradizionalek bizirik irautea lortu dute. Zenbait kalkuluren arabera, erregistratuta dauden 275 upategietatik % 80 mota horretakoak dira. Upategi askok ardoak modu tradizionalean egiten jarraitzen dute, nahiz eta ardogintzan eta enologian hobekuntza teknikoak ezarri.