1.- Izena:
Arabako Patata.
2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:
Klimaren, lurraren eta tradizioan sustraitutako laborantzaren ondorioz, gaur egun kontsumitzaileek Arabako Patata kalitate oso handiko patatatzat jotzen dute. Ingurumena errespetatzeko irizpideak kontuan hartuta lantzen da patata hori, produkzio eredu integratu bati jarraiki eta osasungarritasun eta sukaldaritza-kalitate berme handiekin.
3.- Aintzatespenak:
1993tik, Eusko Label bereizgarriak kontsumitzaileari Arabako Patataren jatorria, kalitatea eta benetakotasuna bermatzen dizkio. Kalitate eta jatorri bereizgarri hori lortu zuen lehenengo produktua izan zen.
4.- Ezaugarriak:
Eusko Labela daukan Arabako Patata Arabako Lurralde historikoan bakarrik ekoizten da, baimendutako barietateak erabiliz. Landatu, hazi eta bildu ondoren, betiere, ingurumena zainduz, patatarik onenak aukeratzen dituzte, kontsumitzaileari produktu osasungarri, homogeneo eta kalitatezkoa emateko. Arreta handiz aukeratu eta manipulatzen dira eta ahalik eta denbora laburrenean, produktuaren freskotasuna bermatzeko. Ontzian agertzen den Eusko Label bereizgarriak produktuaren identifikazioa eta prozesu guztietan kontrolatu izana bermatzen ditu.
Eusko Labelek barietate onenak aukeratzen ditu eta jokabide azterketa bat gainditzen dutenak bakarrik baimentzen ditu. Barietate garrantzitsuenak bi dira: batetik, monalisa, itxura lau eta oso garbikoa eta frijitzeko ezin hobea eta; bestetik, kennebec, Araban tradizio handiena duten patatetako bat, itxura baldarrekoa, gisatuetarako eta eltzekoetarako oso egokia. Kalitatea bermatzeko, barietate hau lur arrastoekin aurkezten da, garbitu gabe; izan ere, argiak eta gehiegi manipulatzeak kalte egiten die.
5.- Ekoizpen eremua:
Bereizgarri hori daukaten patata guztiek Arabako Lurralde Historikoan nekazari erregistratuek ekoitziak izan behar dute. UDAPAk, ekoizleek osatutako bigarren mailako kooperatiba elkarteak, gaur egun merkaturatzen den Eusko Labeldun Arabako Patata guztiak ekoitzi, aukeratu eta ontziratzen ditu.
E R R E Z E T A
PATATAK TXAKOLINEAN
Lau pertsonentzako osagaiak
500 gr patata, 100 gr tipul, 100 gr txakoli,
500 gr oliba-olio eta gatza.
Osagarriak:
Bakoitzaren gustu eta irudimenari.
Elaborazioa
- Labea 200 gradutan berotu.
- Tipulak eta patatak zuritu.
- Tipula juliana finean eta patata, mandolina baten laguntzaz, zentimetro bateko lodierako xerretan moztu.
- Zartagin batean, tipula leundu arte erregosi. Ondoren, erregosi patata olioarekin zartaginean.
- Jarri patata eta tipula labe-erretilu baten gainean txakolin kantitatearekin eta laberatu 180 gradutan 20 minutuz.