Mapa Gastronomikoa

Areatzako guardia zibilak

Gozogintza — Arratia-Nerbioi

1.- Izena:

Areatzako guardia zibilak.

2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:

Areatzako guardia zibilak euskal gozoki orijinalenetako bat izango dira agian. Jatorria ezagutzeko, XIX. menderaino atzera egin behar da. Garai hartan, Areatza udatiar dotorez betetako herria zen. Udatiar horiek bertako bainuetxeko uren ospeak erakarrita eta Gorbeiako aire onuragarriari esker osasuna berreskuratzeko prest joaten ziren hara. Merkataritza jarduera oparoa zen. 1899an, Areatzan bost gozotegi eta Guardia Zibilaren kuartel bat zeuden. Bertako gozogile batek egiten zituen bizkotxoek hiru adarreko txapelarekin zuten antzekotasunetik sortu zen gozoki honen izena. Gozoki hori ospetsu egin zen eta gozotegi guztietan egiten hasi ziren. Hala, herriko ikurretako bat izatera iritsi zen.

Duela 17 urte, etnografia lantzen duen Ipizki Taldeak eta Bitor Sierrasesumaga gozogileak gozoki tradizional hau berreskuratu zuten, eta, gaur egun, Zamakona okindegiak egiten jarraitzen du.

3.- Ezaugarriak eta osagaiak:

Guardia zibilak egiteko, arrautzak, azukrea, irina eta gantza behar dira. Gorringoak azukrearekin batera irabiatu behar dira eta, beste alde batetik, zuringoak elur-puntuan, azukrearekin. Bi irabiatuak nahastu eta irina erantsi behar diegu. Orea hiruki formako molde berezietan banatu behar dugu, gantz pixka bat igurtzita, eta labean sartu.

Bestetik, estaldura prestatuko dugu, azukrearekin eta arrautzen zuringoarekin, zuri kolore perfektua izan arte. Bizkotxoei estaldura bota, eta berriro labean sartuko ditugu, lehortuta geratu arte.

4.- Ekoizpen eremua:

Areatzako Zamakona okindegian bakarrik egiten dituzte (Zamakona okindegia. Goikokale 5 – 48143 AREATZA – Telefonoa: 94 673 90 45)

bizcocho guardia civil

Bestelako produktuak