Mapa Gastronomikoa

Armintzako otarraina

Arrantza — Plentzia-Mungia

1.- Izena:

Armintzako otarraina, otarraina.

2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:

Bizkaiko Plentzia eta Bakio herrien artean kokatua, itsaslabar handiz eta itsasora erortzen diren harkaitzez babestua, Armintza bisitarientzat euskal kostaldeko arrantza-porturik ezezaguna izango da. Lemoiz herriaren barruan dagoen portu natural aparteko eta eder hau Erdi Arotik arrantza-portu gisa erabili dute. 1883an, Bizkaiko Jaurerriko Babes Portu izendatu zuten, barrarik ez zeukalako eta ekaitza izanez gero portura sartzea erraza zelako. Ondoko itsaslabarretan jarritako kanoi multzoek pirata ingelesen erasoetatik babesten zuten portua.

Armintzak historikoki otarrain eta itsaski portu gisa garrantzia izan du, bertako itsas hondoen aberastasunari esker. Armintzako otarrainak Bizkaiko goxoentzat jotzen zituzten eta badia horretatik jende asko ateratzen zen itsaski bila. Gaur egun, portu txikiaren babespean ainguratzen dituzten aisiarako ontzi modernoek arrantza-ontzi tradizional gehienak ordezkatu dituzte. Bertako kostalde harritsu, babestu eta bizian, urpekaritzaren eta urpeko arrantzaren zale asko ibiltzen dira.

3.- Aintzatespenak:

Gorliz-Armintza eta Armintza-Bakio kosta eremuak Euskal Autonomia Erkidegoko Naturgune Garrantzitsutzat jo dituzte. Gune horietan kostaldeko eta itsas hondoko fauna eta floraren komunitate adierazgarri batzuk daude eta zenbait itsas hegaztiren haztegi garrantzitsuak dira.

4.- Ezaugarriak:

Otarraina (Palinurus elephas, Fabricius 1787) gorputz luze eta sendoa daukan krustazeoa da; 50 cm-ra arteko luzera eta 1-2 kg kiloko pisua dauzka. Bizkarraldean, gorriaren eta marroiaren arteko kolorea dauka; sabelaldean, berriz, zuria. Oskola ia zilindrikoa da eta antenak oso bereziak dira, gorputza bera baino luzeagoak izatera irits daitezke. Bizitza luzea izaten du espezie horrek, 10 urte baino gehiago bizitzera irits daiteke, eta orojalea da; moluskuak, itsas trikuak, arrainak eta makroalgak jaten ditu. Gauez aktibo egoten da, janari bila joaten denean, eta egunez bere babeslekura bueltatzen da.

Egurrezko armazoiak dituzten otarreak eta mailasareak erabiliz arrantzatzen dira. Espezie oso estimatua da eta balio ekonomiko handia dauka. Horregatik, debeku-aldiak ezartzen diren arren, otarrainak arriskuan daude, gehiegizko arrantzagatik.

Gastronomikoki, krustazeoen erregina da eta jaki gozagarritzat jotzen da. Adituen ustez, gure kostaldeko otarrainen haragia Amerikakoena eta Afrikakoena baino kalitate hobekoa da. Prestatzeko modu asko daude: egosita, plantxan, parrillan eta, amerikar erara, belar finekin. Ana María Calerak, La cocina vasca liburuan, Armintzako otarrainaren ohiko errezeta jaso du.

5.- Harrapaketa eremua:

Mediterraneoan eta Atlantikoan daude. Itsasertzeko hondo harritsu eta hareatsuetan, 20 eta 70 metro arteko sakoneran, bizi den espezie bentonikoa da. Leku babestuak hobesten dituzte, adibidez, kobak eta zuloak. Euskal kostaldean, oso malkartsua denez eta itsaslabar asko dauzkanez, halako toki asko daude.

6.- Gaur egungo ekoizpena:

Euskal Autonomia Erkidegoan, aisialdi eta kirol arrantzaleek debekatuta daukate krustazeoak arrantzatzea. Artisau-arrantzan aritzen diren baxurako ontziek baimena daukate, betiere, debeku-aldiak eta harrapatzeko gutxieneko neurria betetzen badituzte. Debeku-aldiari dagokionez, otarrainaren kasuan, irailaren 1etik ekainaren 1era artekoa da, baina laster abuztuaren 1ean hasiko dela aurreikusten da eta, beraz, beste hilabete iraungo duela.

Euskal Autonomia Erkidegoko artisau-arrantzarako ontzidia osatzen duten 175 itsasontzietatik 122 Bizkaiko portuetakoak dira eta, horietatik bost, Armintzakoak. Hala ere, azken horien artean, gaur egun bakarra aritzen da krustazeoen arrantza profesionalean.

Krustazeo dekapodoen (otarrainak, abakandoak, nekorak eta txangurruak) harrapaketa bolumenari dagokionez, zaila da neurtzea; izan ere, ohiko zirkuituaren bidez, hau da, kofradietan saltzen ez dituztenez, ez dago harrapaketa erregistro egokirik eta, segur aski, uste baino handiagoa da. Edozein kasutan, harrapaketa bolumenak ez du euskal merkatuko eskaria asetzen. Beraz, merkatua Europa iparraldetik eta Marokotik ekarritako otarrainez edo haztegietatik ateratakoez hornitzen da nagusiki.


E R R E Z E T A

OTARRAINA PLANTXAN

Lau pertsonentzako osagaiak

2 otarrain (2kg gutxi gorabehera), 100 gr limoi-zuku (2 limoi),

piperbeltza, gurina, oliba-olioa, perrexila eta gatz lodia.

Osagarriak:

Bakoitzaren gustu eta irudimenari.

Elaborazioa

  • Zatitu otarrainak erditik.
  • Garbitu, urdaila eta hestea ateraz.
  • Perrexila txikitu.
  • Erdi bakoitzean, piperbeltza, gatza eta 50 gr limoi-zuku gehituko ditugu.
  • Berotu olioa zartaginean eta gehitu gatz lodia.
  • Jarri otarraina zartaginean, haragiaren aldetik.
  • Utzi urreztatzen eta buelta eman.
  • Gehitu perrexil xehetua eta gurina haragiaren aldera eta utzi urtzen.
  • Plateratu oliba-olio birjina estra pixka bat gehituz.

Bestelako produktuak